Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Nire aurreiritzi guztien kontra

Nire aurreiritzi guztien kontra

xme 2006/05/25 14:29

Lagun batek gomendatu zidan: "Delirio", Laura Restreporena. Ez nengoen oso bero, baina lagunaz fidatzen nintzen eta erosi egin nuen. "Hau ere izango duk beste halako zera bat", gogoratzen naiz pentsatu nuela neure artean.

Izan ere, azken hogei urteotan izugarri zabaldu da, izurria izateraino, literatura-mota jakin bat, emakume latinoamerikarrek egina, goxoa (gozoa?), leuna, atsegina, samurra eta arrakasta handikoa. Isabel Allende litzateke ezagunena, baina tropa zabala du atzetik (Belli, Esquivel, Mastretta eta abar).

Baina ez. Kolonbiarra da Restrepo, adinez aurreko horien taldetxokoa, baina zerikusirik ez idazkeran. Literatura light guztien kontra, testu trinkoa, giro lodia eta argumentu aldrebesa ditu "Delirio" honek, lehen orriak pasatu orduko konturatu nintzen moduan. Emakume bat egoera katatonikoan aurkitzen du senarrak hotel batean, eta ez dakigu nola iritsi den egoera horretara.

"Ostras, aspertu ederra hartu behar diat" esan nuen orduan, ñañokeriatik ihesi idazle sibarita zilbormiazkatzaile baten atzaparretan erori nintzelakoan. Izan ere, nahiko aserik nago irakurlearen inplikazioa eskatzen duten liburu horiekin. Idazleak egin dezala lana, gurea liburua erosi eta entretenitzea da-eta.

Berriz ere oker. Esijentea da, bai, baina eman ere egiten dio irakurleari. Lau diskurtso paraleloren bitartez, Kolonbiako familia patrizio baten gainbehera ikusiko dugu, aristokrazia zaharra Escobar narkoburuaren jostailu nola bihurtzen den, etxeko isilpean gordetako trapu zaharrak nola usteltzen diren eta azkenean lehertzen...

Holaxe ba. Ez da liburu erraz, edonori aholkatzeko horietakoa. Baina merezi duen autore bat deskubritu dut, arrastoa segitzea merezi duena.

etiketak: Liburu kritikak
pintto
pintto dio:
2006/05/26 00:12

"hau ere izango da beste halako ZER bat"

lander
lander dio:
2006/05/26 21:46

Garai batean Kolonbiako gerrilaren eta gobernuaren arteko bitartekari izandakoa da, emakume potentea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.