If a were a richman
...du-dubi-dubi-dubi-dubi dubi-dubi-dubi-da!
Noizean behin ikusi izan dut aberats okitu horietako baten heriotzaren berri, lau-bost enpresatako administrazio-kontseiluetako eskelak izan ohi dituena. Bada, horien paretsu sentitu ohi naiz ni urtero maiatz amaiera alde honetan.
Izan ere, kukuaren kantua bezala, urte-sasoi honetakoa izaten da enpresa pribatuetako akzionisten batzarra, legeak urtean behin egitera behartzen duena, eta niri hiru bat bilkuratarako hitzordua ailegatu ohi zait, formalismo eta formalidade guztiarekin eginda.
Noski, teilatu gaineko biolinjoleari bezala, ahazten zitzaidan enpresa horietan dirua jarri bai, jarri genuela, baina ez bueltan dibidenduak eta erosteko eskaintza publikoak eta ez dakit zenbat ehuneko irabaziak lortzeko. Gure herri eskastu eta zapaldu honi aurrera egiten laguntzeko aletxoa jarri nuen, beste askok bezala, eta pozik ikusten dugu proiektu horiek aurrera doazela. Zailtasunekin, baina aurrera.
Ez da aberastasun makala.
Nahiko lukete richmen horietako askok, euskaldunok orain arte izan dugun altxor hori izatea. Orain, nire kezka zera da: gai izango al gara hogeitabatgarren mende honetan ere bide beretik jarraitzea? Hau da, globalizazioaren garai hauetan munduan eraikitzen ari den gizarte indibidualista, kontsumista eta insolidarioaren atzaparretatik libre al gaude? Lan handia daukagu etorkizuneko belaunaldiak idealen aberastasunean hezitzen.Eta horretarako helduok ezinbesteko erreferente gara, bakoitza bere lanetik, bere etxetik, bere auzotik, bere herritik, akziodun izan ala ez, ekimen altruista horietan gure aportazioa eginez, poltsikoak beharrean gure izatea aberastuz.