Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Norena da gure hitza?

Norena da gure hitza?

xme 2006/05/23 14:41

Artzeren poema ikusi genuen atzo: nola pertsona iritziz aldatzen den, eta garai bateko hitza ukatzera iristen den. Oso bestelako kasua da Xabier Leterena.

Letek baditu bere liburuetan zehar bata bestearen erreferentzia egiten duten testuak. Adibidez, aberriarekiko bere maitasun/gorroto harreman beti gatazkatsuan, "nola ez maitatu" esan zuen noizbait, eta "ezin maitatu" handik zenbait urtetara.

Beste bat da, ordea, gaur aipatu nahi dudan poema. Oiartzuarraren kanturik ezagunena beharbada: "Izarren hautsa", bai bere bai Laboaren ahotsean entzun duguna, eta hiru doinutan. Lehen doinua Xabierrena berarena izan zen, azkar eta arina; bigarrena Laboak asmatua, pausatuagoa eta barnerakoiagoa; hirugarrena Letek egin zuen berriz, "Hurbil iragana" bilketa-diskorako, kantu horren behin betiko bertsioa izateko asmotan, beste biak baino askoz gutxiago entzun den arren.

Doinua ez ezik, hitzak ere aldatu zizkion Letek kantu horri. Aldaketa txikiak, mamiari ez zegozkionak eta espresio beteagoa edo zehatzagoa bilatzen zutenak gehienak, bat izan ezik. Bat hori komentatzera gatoz.

Hala dio poemak bere azken aurreko ahapaldian, bertsio zaharrean: "Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak / Burruka hortan iraungo duten zuhaitz ardaska gazteak". Nork ez du pasarte hori ezagutzen? Azken hogeita hamar urteetan, horixe izango da ezker abertzaleko jendearen eskeletan gehien errepikatu den esaldia. Eta pentsatzekoa da, noski, Xabier Leteri ez ziola grazia handirik egingo bere testuaren arrakastak.

Zure esaldi bat, zuk ez bezala pentsatzen dutenek erabiltzen badute behin eta berriro, zer egin? Esaldia erabiltzeko eskubidea ukatzeak ez du oso zentzuzkoa ez bidezkoa ematen, publikatu ostean "herriarena" bihurtzen denez gero. Jatorrizko esanahia beste bat zela aldarrikatu behar luke? Interpretazioa libre izaten da berez, eta mezua sarrien errepikatzen duenak finkatzen du azkenean esanahi "kanonikoa".

Leteren irtenbidea: letra aldatzea. Bigarren bertsio horretan, hala dio delako pasarteak: "Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak / Heriotzaren ukazioa diren ardaska gazteak".

Bertsioen arteko borrokan heriotza zeinek gainditu eta ukatuko duen, zuhaitz adaxka gazteek esan beharko dute. Datorren mendekoek alegia.

etiketak: Liburu kritikak
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/05/23 19:10

Bitxia da¡ Artzearen historia aipatu duzunean segidan Leterena burura etorri zait. Oraingo honetan diplomatikoagoa zaude... Lete poeta handia eta, ez dakit zergatik, poeta gisa nahiko ahaztuta dago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.