Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Gaur, besterik diot

Gaur, besterik diot

xme 2006/05/22 18:37

Mikel Laboaren ahots berezian ezagutu genuen, aspaldi batean, abesti urragarri hura:

Nere ama hil zait
lanak itota
lanaren amoreagatik
hil zait
zertarako dan bizitza
jakitera iritsi gabe.

Izeba ere hil da
era berdinean
hil da izeba.

Hitzak, gure gazte garaian gauza horiei kasu gutxi egiten genien baina, Joxe Anton Artzerenak. Entzule asko eta asko identifikatzeko moduko testua osatu zuen Artzek, ez baitira gutxi izan gure herrian beti eman eta eman jardun duten amak (Axenariorena ez bezalako amak, oroitzen bazarete).

Artzek, ikusten den bezala, euskal tradizio zaharraren alderdi makur hori salatzen du, eta emakumeak kateak apurtzera gonbidatzen. Horixe zen Usurbilgo poetaren sasoi bateko pentsaera, 60ko hamarkadako haustura giro orokorraren barruan.

Urteak pasatu ziren, eta Artze ere aldatu zen. Billy Brandt-ek komunismoaz esan zuen bezala, gure poetak bestelako begiekin begiratzen zion tradizioari, familiari, emakumearen rolari. Ez da urte horietan munduan aldatu den bakarra idazle bakarra, noski. Baina Artzek muturrerago eraman du bere konbertsio espirituala, eta lehengo hitzak zuzendu egin nahi izan ditu. Horra, bere testu berria:

Ama hil zaigu
lanak itota
lanaren amoreakatik
hil zaigu.
Zertarako den bizitza
jakitera iritsi gabe.

Honela nioen orain hogeita bost urte
ausarkeria handiz.
Barkatu, gaur besterik diot.

Ez ote zekien
gure amak
zertan ari zen?
Ez ote,
"beti bizi behar balu bezala
bazuen lan egiten,
eta egun berean hil behar balu bezala
bazen bizitzen?"

Ez ote zekiten
gure gurasoek
zergatik ari ziren?
Ez ote,
beti bizitzeko bazuten egiten otoitz,
eta aldi batez bizitzeko, lan egiten?
eta gaurkoek ez bezala,
ongi zekitenez zergatik hil behar zuten,
gaurkoentzat ez bezala
haientzat biziak zentzurik bazuen?

Luzeagoa da testua, baina ildo beretik jarraitzen du. Nekez ezkontzen da bateko mezua bestekoarekin, baina norberaren eskubidea da, noski, iritziz aldatzea. Guk ere halako barka eskeak egingo ote ditugu inoiz gaur esaten ditugunen gainean?

etiketak: Liburu kritikak
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/05/23 11:32

Oraindik gogoratzen naiz noizean behin praka laranja zabala eta maoko alkandora zuria jazten zuen Artze aztiarekin. Benetazko poetaren irudi bizi era erakargarriaren jabe izan zena. Katolizimo zuzen baten aldeko bere oraingo jarrera ulertezina zait. Baina gauza arrunta da. Asko dira poetak eta idazleak mutur batetan hasi eta beste muturrera abiatu direnak. Luzea da zerrenda.

Pasai Antxo Kulturetxea zabaldu zutenean Artzeren poema ezagun bat jarri zuten sarrerako ateren gainean (memoriaz diot):

"Zein da bi puntuen arteko biderik laburrena? Biderik ederrena."

Oso mingarria izango zitzaidan "biderik ederrena" "Via Crucis" bat dela bere ahotik entzutea.

H. Etxeberria
H. Etxeberria dio:
2006/05/22 22:38

Xabier, data jarri gabe jaukat gordeta, baina hamar urte baino gehiago dituk Artzek HITZ ETA FITS ikuskizuna eskaini zuela Donostiako Victoria Eugenian. Hire hitzekin lotuta dagoela eta, dakarkiat gaur orduan Egunkarian argitaratu niana. Izenburua zian ABARKETAK ETA MISTIKA.

Asteasuko aztiak barkatu beharko dit baina, nire usterako, hizkuntzaren barne maratilak erabiltzen ez dago Joxan Artze bezalakorik. Bere poemen aitzakian behin trantzean jartzen delarik, haren irakurketak ez dauka gurean parekorik. Hizkuntzaren magiak damazkigun aukera ikustezinak, gauzatu eta zentzuz betetzen ditu bere ahots ederrarekin. Zeremonia kontutan ere ez da makala usurbildarra. Ipar eta hegoaldeko izarrak non dauden ederki daki Artzek eta psikomotrizitatean errege egiten du horrek. Garai hauetako erritmo biziegien parean, gelditasuna eta isiluneak aurkezten ditu eskena gainean Hitz eta Fits bere ikuskizun poetikoak. Eszenografia argilun zaindu batez, berebiziko liturgia modu bat eraikitzen daki. Txaman baten eran, hara eta hona gaitu garraiatzen errito sakratuetan barrena. Koreografia guztiak traszendentziara gaitu biltzen, altabozetako kilker hotsak naturaren berri damaigu etengabeki eta arraunaren zarata ozenak esfortzua eta izerdiaren balioa digu aldarrikatzen. Zertarako, ordea, guzti hau? Zein mezuren zerbitzari da Artzeren azken ikuskizuna? Garai batean lanaz ito zitzaion ama, bizitza zertarakoa den jakitera iritsi ez zen berbera, eredu bilakatu du orain poetak beste bizitza baten esperantzan. Jesukristoren irudi kitsch batez hasi eta bukatzen den poesialdiak, gaztedia gizaki kapritxosoz eta gurasoak maitatzeko gauza ez direnez beteta ikusten du. Amatasunaren ondoren ez doan sexua ere putakeriatzat zerabilela ulertu nion nik. Eta tonu erreakzionario horretan ia guztia. Ederra bai, oso ederra ikuskizuna. Trebezia poetikoz jantzia. Baina non eta nola bizi da enfant terrible sakristautu hau? Agian mistikaren bultzadaz lurrik ikutu gabe ibiltzea lortuko du abarketa beltzen gainean, baina bere poesiaren beste aldi batzutan ez bezala, mundua mundutarrontzat lagata, ihesi joan da eremita guztien antzera.

Patxi
Patxi dio:
2006/05/23 11:44

barka-eskerik ez behintzat, izan ere, nola jakin noiz ibili geran zuzen, orduan ala orain?

Hitza erabiltzen duenak bere aletxoa baino ez du jartzen. Lema denon artean daramagu. Esandakoak funtsik badu, askok berresango dute. Funtsik ez badu inork ez.

Beste kontu bat da, norbaiten esanak itsu-itsuan jarraitzea. Egia esan guk euskaldunok joera haundia degu horretarako: ez degu alperrik gure ikur gisa ardia aukeratu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.