Espainia ez baina bertako eskuina hautsiko ote den
Espainia hausteko arriskurik edo aukerarik ez dut uste dagoenik, epe labur nahiz erdikoan, baina bere barne kohesioari dagozkio une honetan politikan bizi-bizi dauden auziak. Bata, Kataluniako estatutu berriarena, eta bestea Euskal Herriko bake eta/edo normalizazio prozesuarena. Horiek aski ongi ezagutuko dituzue, eta nekez asmatuko dut irakurlea aspertuko ez duen iruzkinik.
Bada beste saltsa interesgarri bat momentu honetan: Espainiako eskuinaren barruko borroka, alegia. Interesgarria, ez bakarrik ikusgarria delako, baita gure geroan zerikusi estua izan dezakeelako ere.
Aurrekoan, Círculo de Empresarios-eko lehendakari Alejandro Echevarriaren hitz hauek aipatu ziren Eibartarren posta-zerrendan: "Euskal Enpresarioen Zirkuluak bere babes zintzoa ematen die elkar-ulertze zibilizatua bilatzen duten ekimen legal eta demokratiko guztiei, eta, horrez gain, alderdi demokratikoen arteko ahalik eta konsensu handiena nahi du bakezko marko bat lortzeari begira, hiritarren askatasun eta eskubideekiko errespetu osoan".
Círculo de Empresarios-eko lehendakari ez ezik Vocento taldeko arduradun nagusietakoa da Echevarria. Vocentok bere babesa eskaini dio Zapaterori ETArekiko negoziazio horietan, eta hori ez da bakarrik Diario Vasco edo Correon islatzen: ABC eta Telecinco-n ere bai.
Hori dela-eta, COPEtik Jimenez Losantosek egundoko kanpaina egin du ABCren kontra (harpidedunei baja emateko eskatuz eta horretarako telefonoa errepikatuz). El Mundo eta La Razon atzetik txaloka, noski, baina pentsatzekoa da Vocentokoak ere ez direla geldirik egongo, beren armak izango dituztela.
Apezpikuen konferentzian jokatuko da gudaldietako bat; baina, luzera begira, PPren etorkizuna dago jokoan: eskuin liberal moderno samar bat ala elizkoi-atzerakoi hutsa izango ote den. Are gehiago: alderdi bakarra aterako den ere ikuskizun dago.
Oso albiste interesgarriak dira hauek. Arrakalatzen doia munstroa...