Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Nork opa dio halakorik?

Nork opa dio halakorik?

xme 2006/05/18 13:27

Atzo umorearen alderditik egin nuen Jugoslavia eta Espainiaren arteko konparazioa, bataren zatiketa egiazkoa eta bestearen alegiazkoa parekatuz. Gaur gai berarekin segitu nahiko nuke baina serioxeago, ondorioren bat ateratzeko edo.

Estatu baten eta bere eskualdeen artean indar zentripeto eta zentrifugoak izaten dira beti. Bistakoenetik hasita, lotura etnikoa litzateke batasunaren gako nagusia: Segoviako baserritar bati ez zaio burutik pasatuko espainola den edo ez den galdetzea; aldiz, Markina edo Ampurdákoak, hainbat gorabeheraren baitan, zalantza hori izan dezake, eta kultura apur bat edukiz gero argi ikusiko du nazioz ez dela espainola, nahiz administrazioz hala dela jakin eta beharbada hala izaten jarraitu nahi izan ("nazio" hitzaren adiera zaharrena hartzen dut, Frantziar Iraultzaz geroztik terminologia bera borroka-leku bihurtu da baina).

Etniak eta kulturak, ordea, ez dira puruak, ez aldakaitzak. Ni kulturalki euskalduna naiz, baina espainola ere bai, beren espainoltasun administratiboa sekula zalantzan jarriko ez zuten nire aitona-amonak baino askoz gehiago. Gaur egun, esan daiteke faktore objektiboek baino munta handiagoa duela kontzientziak, euskal nazioaren parte sentitu nahi izatea edo ez.

Norbere atxikimendu subjektibo horretarako, berriz, ideologia iruditu ohi zaigu giltzarria, abertzaleak edo estatalistak sentitzen garen alegia, baina beste kontu bat dago hor, sarritan ahazten zaiguna: komenientzia. Alegia, esloveniarrek argi eduki dute beti ez direla serbiarrak (beste hizkuntza bat dute, ia %100ek hitz egiten zutena), baina horrez gain, une zehatz batean nabarmen egin zitzaien independentzia lor zezaketela, eta komeni zitzaiela gainera. Montenegrotarren artean, orain dela 15 urte inori ez zitzaion bururatuko estatu bihurtzearen aukera; gaur, berriz, eskura dute, eta badirudi gehienek hautu hori egingo dutela, Serbiaren eskutik ibiltzeak onura baino buruhauste gehiago dakarkielakoan.

Gurean, niri beti iruditu zait independentziaren inguruko erreferendum bat egingo balitz, argi eta garbi ezetzak irabaziko lukeela. Heren bat izan liteke, asko jota, zinez abertzale sentitzen dena; beste heren bat gutxienez, dudarik gabeko espainol (Iparraldean, askoz ere gehiago Frantziaren alde); eta azken herena, berriz, dudatan egon daitekeena: Espainia kolapso ekonomikoan eroriko balitz, Jugoslavia ohia bezala, hortik urruntzea hautatuko lukeena, baina gure estatu maitea ondo samar baldin badabil...

Gauzak horrela, independentziak irabazteko aukera bakarra desastre orokorra zabaltzea litzateke. Hala ere, desastre horrek auzoei bezalaxe eragingo liguke guri ere. Eta, kontzientziaz jokatuta, nork opa dio halakorik bere herriari?

(Dena dela, ez dezagun ahaztu, gaur egun inork ez du independentziarik eskatzen, erabakitzeko eskubidea baino. Lortuko ote da?)

etiketak: Politika
garazi
garazi dio:
2006/05/19 20:10

zure iritzia neure egiten dudala aitortu beharra daukat.independentzia gora eta behera ari gara etengabe, baina erreferendum bat eginez gero, zer aterako litzateke?? jende askok bere ziurtasun eza ekonomiak izango lukeen beherakadari atxikiko lioke eta horrela, hamaika aitzakia gehiago. gure herriarentzat behar duguna ez da independentzia, autodeterminazioa baizik

Pako
Pako dio:
2006/05/21 12:22

Ez daukat ideiarik, enpresaburu txiki eta erdi mailakoek zer iritzi-ildo zabalduko luketen alegiazko "independentzia bai ala ez" erreferendum batean, baina herritarren artean, oro har, ez al dago aski zabaldua erkidego hau (edo hauek) Kataluniarekin batera oso aurreratuak daudela ekonomia eta bizi-mailaren aldetik Espainiako besteen aldean, eta beraz, politikoki mendean egonik horrela bagaude, mendetasunik gabe, Hanburgo edo Europako aurreratuenen pare zergatik ez? Ez al litzateke aski erraza ideia hori zabaltzea, hots, independentziarekin Europan bizi-kalitate onena gurean (exajeratuz)? Aho-gustu oneko hipotesiari jarraiki, ekonomikoki Europan oso aurrera lihoakeen herria nolatan beharko zukeen egon ekonomikoki geroz atzerago lihoazkeen herri eta estatuen mendeko kulturalki, nola iraun gaztelaniari eta frantsesari hain lotuak? Askatasun politiko-ekonomikoak kulturalari ere ez ote liokeen lagunduko, alegia. Politika-fikzio gozotik gaur egungo errealitate garratzagora etorriz, herritarron benetako mobilizazio eta protestaldirik gabe, ezkortasunerako gonbitik egin gabe, ez du ematen erabakitzeko eskubidearena politikarien arteko elkarrizketetatik soilik ondorioztatuko denik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.