Zauriak ixterik bai?
Aurrera eta hobera doa Zinemaldiko sail ofiziala. Astelehenean ikusi ditugun bi filmak: "Horas de luz" espainiarra eta "Sam zimske noci" serbiarra, film serio eta sendoak dira biak ere, ikusleari zer pentsatua ematen diotenak eta ikusteko gomendatuko nituzkeenak.
FIES presoen egoera
Manolo Matjí zuzendari espainiarrak "Horas de luz" aurkezten digu, egiazko kasu batean oinarrituriko film gogor eta hunkigarria, euskaldunon artean dudarik gabe zer esana emango duena. Izan ere, Juan Jose Garfia preso espainiarraren kartzela-bizitza kontatzen digu filmak. Garfia (Alberto San Juanek bikain antzeztua) preso soziala da, hilketa batzuengatik, ihes ahaleginengatik eta mutinak antolatzeagatik ehunka urteko zigorra daukana. Arriskutsutzat jotzen dituzten presoei FIES etiketa jartzen zaie Espainiako espetxeetan (Segimendu bereziko internoen fitxategia), eta tratamendu gogorragoa ezartzen.
Kantabriako El Dueson preso zegoela, Marimar izeneko erizain bat sartu zen bertan lanean (Emma Suárez, filmean). FIESekoei ematen zaien tratu izugarri gogor eta ankerrak haiekin solidarizatzera eramango du, laguntzen saiatzera eta, ezinezkoa bihurtzen zaionean, lana uztera. Horrez gain, Garfiarenganako errukia errespetu bihurtuko zaio, eta geroago, gutun bidez-eta, maitasun ere bai. Hau dena, fikzio hutsa balitz, ez dela sinesgarria esango genuke, baina errealitateak horrelakoxe gauzak dauzka batzuetan, sinesgaitzak egia direla.
Oneski kontatua
Horra bi hitzetan filma azalduta. Gure herrian daukagun preso pilak eta haiei ematen zaien tratu gogorrak bereziki hurbila egiten digute gaia, batetik, eta pelikularen zenbait xehetasun eztabaidagarri bihurtu ere bai, bestetik. Baina niri film zintzoa iruditu zait, oneski egina, eta Espainiako botere-egituretan gertatu den endekatzea dela-eta ez da gutxi.
Filmaren azpiko mezua, ea gaizkilea onbidera daitekeen, ea kriminal arriskutsua maitasunaren bitartez alda daitekeen, ea "barkamena" posible den. Matjí-k baietz sinesten du (jarrera sokratikoa litzateke), eta halaxe defendatzen du.
Garfiaz gehiago jakin nahi duenarentzat: liburu bat dauka Txalapartak argitaratua ("Adiós Prisión") eta artikuluak idatzi ohi ditu "Kale Gorrian". Hogei urte daramatza espetxean, gaur egun 2. graduan, eta inoiz ez diote irtenaldi baterako baimenik eman. Ez dakite noiz atera ahal izango duen, baina horren alde lanean segitzen dute Marimar emazteak eta honek lehendik zeuzkan hiru seme-alabek.
Serbia txikitua
Bigarren filma, Goran Paskaljevic serbiarraren "San zimske noci" izan dugu ("Negu gau bateko ametsa"), film latz eta aldi berean sentibera.
Hiru pertsonaia galduk egingo dute topo: Lazar (Lazar Ristovski-k jokatua) gerran gorriak ikusi eta gero hamar urtez egon da giltzapean eta ez du itxaropen handirik geratzen zaion bizialdirako; bere etxe hutsera itzultzean Jasna aurkituko du bertan (Jasna Zalica-k antzeztua), emakume errefuxiatu bosniar bat, 12 urteko Jovana alaba autista batekin bizi dena (Jovana Mitic haur autistak egiten du pertsonaia). Okupak bota ordez, bertan gelditzen uzten die, eta harreman berezia sortuko da hiruren artean.
Autismoa metafora gisa?
Filmak hainbat alderdi interesgarri ditu, bai sozialak, bai pertsonalak, eta zuzendariak bien arteko harremana sujeritu nahi digula ematen du, hau da, Serbia herri atzeratu, paralizatu, gaixo bat dela, eta ez dagoela egoera horretatik ateratzerik, Jovana bere autismotik sendatzerik ez dagoen bezala, Lazar horretan tematu arren.
Serbiarren onetan, ez nuke hala denik sinetsi nahi.