Txintxoak eta gaiztoak
Izaten dira ba lagun batzuk, inon zurekin egokitzen badira guztiz jator eta atsegin azaltzen zaizkizunak, eta gero urtetan kasurik egin ez? Halako sentipen bat izan nuen atzo Euzkitzeren "Kalaka" saio berria ikusten hasita.
Sakabanatutako presoei bisitan joaten direnei buruzko erreportajea eman zuten, txukun eta arretaz egina, Jaengo joan-etorri bat kontatuz. Eta burura etorri zitzaidan antzeko bat ikusia ote nintzen... Bai noski! 1998an, Lizarra-Garaziko su-eten garaian.
Hortaz, milaka lagunek astero-astero egiten duten erromeriaz ezin da hitz erdirik egin burniak sutan dauden artean. Armak isilduz gero humanitarioak izango gara, bestela ez. Zer da hori: politika informatiboa, ala informazioaren politizazioa?
Horren ondotik, berriz, ETAk hildako bi lagunen alargunak agertu ziren; ez dezatela esan gaiztoei gorazarre egiten diegunik, badaezpada gaiztoen gaiztakeriak gogoraraziko ditugu berehala...
Ez naiz luzatuko ordea, gaizki-esaka bukatuko nuke-eta. Eta garai honetan ez da halakorik komeni, ezta?
Gaiztoen eta onen gaiari helduz: nire irudipena izan zen edo hasieran Euzkitzek biktimak eta borreroak bezala aurkeztu zituen?
Bestalde, teknikoki, saioa negargarria: Piztu bako mikrofonoak, sartzen ez ziren bideoak...
Hala ere, gauza zenbait konponduz gero, saio txukuna atera daitekeelakoan nago. Noizko Xabier tertuliakide?