Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Oinetako lokarriak lotzen zizkidana

Oinetako lokarriak lotzen zizkidana

xme 2006/04/26 09:01

Ama kontuekin segituko dut, barkatzen badidazue. Gaia agortzeko asmorik gabe baina.

Ama santu eta sakrifikatuarena ia-ia klixe bihurturik daukagula idazle gizonezkook aipatu zuen Urretabizkaiak. Arrazoiz aipatu ere. Klixe bihurtzeak ez du esan nahi gezurra denik ordea. Zehatz dezadan; ama ez da ama bakarrik: pertsona da, emakumea da, norbanakoa da, bere iritziak, zaletasunak, beldurrak eta txorakeriak dituena; baina ama ere bada. Eta semearentzat nahiz alabarentzat, ama da oroz gain eta lehenik. Eta askorentzat ama da soil-soilik, besterik ere badela konturatzen garen arte behinik behin.

Oso polita iruditu zitzaidan behin Xabier Payá bertsolariak kontatu zidana. "Desio izeneko tranbia" euskaratu berria zuen, Tennessee Williamsen antzezlan ospetsua, eta antzerki barruko tripak ulertzen ama oso lagungarri izan zuela aipatu zuen. Mari Carmen Ruiz, Fredi, Xabi eta Itsaso Payá bertsolarien ama, izan ere, antzerkian ibilitakoa zen gaztetan, aurrena Bilbon, Akelarreren sortzaile Luis Iturri zenarekin, eta gero baita Madrilen ere, hango artista-giroetan eta, 60ko hamarkadan.

Xabi Payák azaldu zigun nolako harridura izan zuen behin, amarekin joan Getxoko jazzaldira, Tete Montoliu pianojole katalana entzutera, gero azaldu musikariaren kamerinoan, eta artista itsuak usaimen hutsarekin ama ezagutu zuenean: "Tú eres Carmen". Edo Adolfo Marsillachek lagun zaharraren agur beroa eskaini zionean Arriaga antzokian. "Niretzat -zioen Xabik- ama zen oinetako lokarriak lotzen zizkidana".

etiketak: Liburu kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.