Banakoak eta jeneralizazioak
"Ama-alaba harremanei buruzko nobela bat ote da baina?" galdetuz amaitu nuen atzo Karmele Jaioren nobelarekin hasitako komentarioa. Azalduko dut zergatik. Kritika onak izan ditu oro har Jaioren lanak, baina kritikari batek ez du oso gustuko izan. Iritziak libre behar du beti, eta ez da nire asmoa kritikaria kritikatzea; hala ere, literatur lanak irakurtzeko moduez gogoetatxo bat egiteko balio dit, eta aurrera egingo dut beraz.
Kritikari horrek zioen pozik jarri zela "ama-alaba harremanei buruzko" nobela bat zetorrela-eta, eta "Amaren eskuak" irakurtzeko irrikan zegoela; irakurritakoan, baina, ama-alaba harremanak oso axaletik lantzen zituela iruditu omen zitzaion, gaiaren aberastasun eta konplexutasunari ez ziela inondik ere zukua ateratzen ez neurria hartzen.
Problema, nire ustez, abiapuntua da: zuk aurrejuzgu bat egiten duzu, liburu batek (film batek, erakusketa batek) ez-dakit-zer eskainiko dizula; eta gero, hori ematen ez badizu, zapuztuta sentitzen zara. Normala ere bada aldez aurretiko iritziak izatea, baina sorkari bat behar bezala dastatzeko hobe da buru-bihotzak garbi eramatea.
Sakonxeago joanda, narratibari buruzko uste nire ustez oker bat ere bada jarrera horretan. "100 metro" ETAko kide baten heriotzaz ari da, baina ez nuke esango "ETAri buruzko" nobela bat denik; eta, horrexen bila doanak, ezinbestean atera beharko du ondorioa ETArena askoz fenomeno konplexuagoa dela liburuan agertzen dena baino, eta literatur lanak ez duela agortzen gaiaren luze-zabala. Saizarbitoriaren lanaz esan dudanak berdin balio du beste edozeinentzat, baita Jaioren nobela honentzat ere.
Izan ere, nobela batek, eskuarki, pertsonaia batzuen gorabehera zenbait kontatuko digu; gorabehera horiek gai jakinen batekin zerikusirik izatekotan, nobela, oro har, "horretaz" dela esan ohi dugu, baina, lehenik eta behin, eleberria pertsonaia zehatz eta jakin batzuek egiten dituzten edo esaten dituzten kontuen inguruko diskurtso bat da. Ondorio orokorragoetarako asmoa izan lezake idazleak, agian, baina ez beti, ezta normalki ere.