Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Seme-alabak euskal literaturan

Seme-alabak euskal literaturan

xme 2006/04/24 18:00

Orain dela hilabete parea, "Amaren eskuak" eleberria plazaratu zuen Karmele Jaiok, eta aurkezpenean laguntzaile izan zuen beste eleberrigile bat: Arantxa Urretabizkaia. Urretabizkaiak bere hitzaldian aipatu zuen liburuaren berrikuntza esanguratsua iruditzen zaiola ama-alaba harremanak agertzea eta mintzagaia bihurtzea, alabaren ikuspegitik.

Izan ere, Arantxak zioenez, "ama" behin baino gehiagotan landu dute gure idazleek; baina idazle horiek "seme" ziren; adibidez, gogoratu Artzeren poema lazgarri hura: "Ama hil zaigu" (bide batez, urteen buruan berridatzi egin zuena: horrek ere merezi luke aipamentxo bat, baina beste baterako utzi beharko dut). Euskal literaturako semeontzat ama santa bat da: beti lanean, beti sakrifikatuta, seme-alabengatik edozer egiteko prest eta eginez beti.

Aita aldiz, Urretabizkaiak gogorarazten zuenez, ez da hain izaki akasgabea, ezta horren sinplea ere; batetik, etxetik kanpoko bizitza sozial bat du: lana, ideia politiko batzuk, eginkizun bat herriaren gorabeheretan; eta, bestetik, hori guztia kontuan hartuta "epaitu" egiten du idazleak bere nobeletako aita, bereziki gerra zibilean egin zuena: hala gertatzen da Saizarbitoriaren nobela ugaritan, Atxagaren Soinujolearenean, Sarrionandiaren Kolosala-n...

Emakume idazleak ere iritsi ziren euskal literaturara, zorionez, eta horietako batzuek idatzi ere bai ama-alaba harremanez, baina ama ziren aldetik, amatasunaren esperientziaz eta amaren ikuspegitik. Arantxa Urretabizkaiak ez zuen espresuki aipatu (idazlearen herabetasunagatik), baina ezin ahaztu "Zergatik panpox" eleberri laburra.

Eta horra Jaioren nobela, alabaren alderditik idatzia. "Ama-alaba harremanei buruzko" nobela bat ote da baina? Honetaz, bihar gehiago.

etiketak: Liburu kritikak
Patxi
Patxi dio:
2006/04/25 04:38

Ni asko hunkitu ninduen, Zumarragako amona baten kontakizunak. Baserritik kalera ezpainak pintatuta jeistea debekatua omen zuen. Beste batek, laurogeitamar bat urterekin hilko zan, ez zan sekula Santa Lutzi eguna ikustera jetsi, ezta zapaturoko azokara ere. Gizonak etxetik kanpoko bizitza soziala zuen bitartean, emakumea preso zegoen.

Izango ziren askeago zebiltzanak, baina esango nuke gehientsuenak, kate motzean ondo lotuta zeudela.

Bizimodu tristea zutela, gaxuak; gure garai hartako ikuspegi idilikotik gutxi oso.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.