Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Urbia Mountain

Urbia Mountain

Xabier Mendiguren 2006/04/06 14:11

Ni ere izan naiz Brokeback Mountain ikusten; Ang Leeren filma nahikoa ez, eta horren oinarrian dagoen Annie Proulx-en kontakizuna irakurri nuen gero. Kasu honetan ez nuke esango testua pelikularen gainetik dagoenik, ezta alderantziz ere: aski paretsu doaz, eta batean naturako hiztegi oparoarekin ematen dena mendiko irudi ederrek eskaintzen dute bestean.

Filmaren gaia azaldu beharrik ez daukat; ikusi ez duzuenok ere entzungo zenuten bi cowboyren arteko maitasun-harreman homosexual bat kontatzen zaigula. Hori du bere meritu nagusia, eta baita oztoparria ere, nolabait. Homosexualitatea sozialki ezinezkoa den inguru batean gertatzen baita istorioa, eta pertsonaiek eurek ere ez lukete "homosexual" hitza onartuko beren buruak izendatzeko. Eta hala ere, harremana egon badago.

Ameriketan dena posibletzat hartzen dugu, filma txukun antxean egina izanez gero laster egiten dugu sinesgarritasun-itun bat, zinema-gela barruan gauden bitartean behintzat. Gaiaz gehixeago pentsatzeko gogoz geratu nintzen ordea, eta istorioa gurera ekartzen saiatu naiz.

Bi baserritarren arteko amodio-istorio bat? Izan daiteke, ez du apartekorik, baina paralelismoak ez digu balio: baserritarra gizarte baten erdian bizi da, familian integratua; cowboy haien berezitasuna zen ardiekin mendian isolatuta egotea. Garai bateko artzainak bezala.

Hemengo artzain-giroa ondo ezagutzen duen lagun bati galdetu diot, homosexualitate konturik aditu ote duen inoiz. Bestialismo-istorioak bai (oroitzen "Padre Padrone" Taviani anaien pelikula lazgarri hura?) eta larrutan edonorekin egiten omen zuen basaneskaren kontuak ere bai, baina bi gizonezkoren artekorik, inoiz ez: "Hori oso zaila duk -erantsi dit-; ia-ia ezinezkoa".

Ezinezkoa ote da benetan? Ezetz esango nuke. Joera homosexualak nonahi eta noiznahi izaten baitira. Iruditzen zait, horrelako giro batean (Far West-aren gure aldaera: basomutilak, ikazkinak...) gizonezkoen arteko sexua izan litekeela eta izango zela, baina nekez haien arteko "maitemintzerik", lotura estu eta iraunkor horiek familia den gizarte-instituzioarekin lotuago baitaude, berez, gorputzaren asaskaldiekin baino.

Erromantizismo litzateke, berez, filmaren "akatsa", baina erromantizismo hori gabe ez legoke istoriorik, ez pelikularik.

etiketak:
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/04/06 20:21

Nere uste apalean, filma osoa da "akatsa". Nik ez dut ikusten erromantizismo askorik ere. Benetako erromantikoak ausartak ziren eta ez maitale koldarrak. Eta Euskalerriko basoetan ez dakit, baina egon badago baserria utzi eta hiriko bazterretan biltzen diren euskal cowboy homosexualak.

jokin
jokin dio:
2006/04/07 11:06

Ni ados naiz Xabierrekin, ezin dut irudikatu maitasun istorio bat horrelako giro hertsi batean. Desio sexuala bai, hori garbi dago. Baina horrenbeste urte irauten duen maitasun harremanik? Ez. Batez ere rubioaren jarrera egin zitzaidan sinesgaitza. Bizitza errealean, rubioa, uda horretan beste mutilarekin txortan egin eta gero, berataz ahaztuko zen, eta ziurrenik ez luke beste behin ere mutilekin sexurik edukiko, nahiz eta noski mutilekiko desioa hortxe jarraitu. Hau ez da filmari egindako kritika bat, hori bai, fabula baten moduan hartu beharko genuke, ez benekotasun asmoa duen istorioa bezala. Beste gauza bat, parregarri iruditu zait jende askok filma ikustean egin duten galdera: bi gazte horiek, homosexualak ziren benetan, ala giro bakartiak horretara eraman zituen? Galdera hau txorakeria galanta da. Da galdetzea bezala: Romeo eta Julieta benetan al ziren heteroak, ala euren maitasun istorioa horretara eraman zituen?. Beti bezala, homosexualitatea ‘esplikatu’ behar da, ez ordea heterosexualitatea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.