Aupamenak eta garbantzuak
Raymond Queneau-ren "Estilo ariketak" liburu harrigarri eta ederra euskaratu berri du Xabier Olarrak, modu harrigarri bezain ederrean. Liburuaren mailan egon zen itzultzaileak egindako aurkezpena, hitzaldi jostalari bihurtua, eta hor entzun nuen lehenengoz berak asmatutako berba: aupamena.
Zer da aupamena? Ba, aupamena da liburu baten aipamen laudoriozkoa, editoreak lanbidez egin behar izaten duena, bere ardurapeko obra kuttun horri aupa esan eta bultzada emateko. Genero merketzat joko du baten batek, merkatariaren jukutriatzat; horien aurrean, harro aldarrikatuko dut nik beti aupamen ondo eginaren izaera umil baina garbia. Artearen goi zeruetara iritsiko ez balitz ere, artisautzaren duintasuna merezi duena.
Aupamenaren ezaugarriak ematez gerotan, esan behar genuke liburuaren berri eman behar duela, laburki baina ahalik osoen; argumentua kontatu ez baina planteamendua azaldu bai; teknika, gai, estilo edo tonuaren aldetik dauzkan bereizgarriak seinalatu eta egiten dituen ekarpenak nabarmendu. Dena tonu positiboan, noski, liburu hori saltzen lagundu nahi baitugu.
Marketing-ak bere mugak ditu ordea, arlo honetan behintzat: aupamena behar bezalakoa izango bada, ezin da gezurrik esan, ezin da agindu barruan topatuko ez den marabillarik, eta dohainak ez dira esajeratu behar.
Hori dela-eta, aupamenlaritza zintzoaren deontologiaren kontrakoa iruditu zitzaidan Mendozaren liburuaren kontrazalean zetorren testua. Halaxe zioen amaieran, balizko maisuen lustreaz lanaren orbanak distiratsu bihurtu guran: "Mauricio o las elecciones primarias abre una nueva etapa en la novela española de hoy, y en su absorbente lectura, depara una lúcida reflexión sobre la condición humana y una habilísima reformulación de un género que, más allá del referente barojiano, remite a Balzac o a Flaubert".
Joder! Eta zergatik ez Cervantes, Rabelais, Dickens, Dostoievski? Edozein nobelak izango du horietatik zer edo zer, izatean ez bada asmoan. Tradizio espainoletik atera gabe, egia da Mendozaren lanak baduela Barojaren kutsua (bere arkitektura axolagabea, estilo laxoa, narrazioa eta elkarrizketa arintasunez konbinatzea, edozertaz iritzia emateko askatasuna hartzea...), baina niri beste autore bat ekarri dit gogora, kanonean hain gora ez dagoena eta horregatik aupamenean tokirik ez zuena: Benito Pérez Galdós eleberrigile oparoa, bere garaiko idazle gazte-gaiztoek "Don Benito el Garbancero" deitzen zutena, xehekeriei loturiko errealismo-mota hori zela eta. Izan ere, bere klaseko andregaiaren eta behe mailako maitalearen artean duda-mudatan dabilen gazteak "Fortunata y Jacinta" gogorarazten du ezinbestean, beste zenbait paralelismo aipatu gabe ere.
Don Eduardo el Garbancer bihurtzeko bidean ote da Mendoza handia?