Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Maitasun nobelak irakurtzen dituen xaharra

Maitasun nobelak irakurtzen dituen xaharra

xme 2006/04/04 09:45

Eskolaren batean hitzaldia eman izan dudanetan, sarritan galdetu didate ea nire familian ba ote zen idazlerik. Halako lanbide esoterikoak ingurumen berezi eta aurrekari genetikoak behar dituelakoan edo. Ezetz esaten diet (berandu deskubritu nuen gure amonaren lehengusu Lotsati ), eta gehitzen etxekoandrea dudala ama, liburu gutxikoa, eta langile buzoduna aita, tarteka Far West-eko nobelatxoak irakurri ohi zituena, Marcial Lafuente Estefaniarenak.

Lehenago zen hori ordea: erretiroa hartu zuenetik sarriago eta denetik irakurtzen du gure aitak; niri hartutakoak ere bai tarteka, baina ohartuta nago gehien irakurtzen duena, Luis Sepulvedaren pertsonaia hark bezala, maitasunezko eleberriak direla, alabak herriko liburutegitik ekarriak. Badu horrek bere grazia, ez baitzait iruditzen gure aita gizon erromantikoa denik batere: generoak badu irakurleak harrapatzeko xarma, nonbait; dena dela, ez dezadan barrerik egin, ni ere bide beretik abiaturik egon ninteke eta: orain dela aste pare bat di-da batean eta pozarren irakurri nuen Gustavo Martin Garzoren "Los amores imprudentes", 400 orritik gorako nobela gozo, ongi idatzi eta amodioz gainezkakoa. Horra, zaleentzako gomendiotxoa.

Aurreko batean ospitalera eraman nuen aita, analisi batzuk egin behar zizkiotela eta. Hitzordua baino lehenago utziko nuen bertan, gero handik lanera joan behar nuen eta. Sobran izango zuen denbora gogoan, galdetu nion ez al zuen libururik eraman behar. "Han etzatak gustatzen leitzea" erantzun zidan.

"Han etzatak gustatzen". Ohitura kontua izan liteke: etxeko txokoan bai, hortik kanpo ez. Baina zerbait sakonagoa ere suma liteke, jokabide sozialekin lotua. Gure aita kexu izaten da aldika, bere lagunek baxoerditan ibiltzen besterik ez dakitela-eta; baina bera ere, lagunetara jotzean, baxoerditan ibiliko da, noski, ezin hasiko zaie irakurri duen azken liburuaz hizketan. Kultur ohiturak garatzeko, norbere zaletasunaz gain, inguru egokiak duen muntaren seinale.

Gaur, apirilak 4, maitasun nobelak irakurtzen dituen xahar horrek 70 urte betetzen ditu. Izan dezala munduko nobelatzar erromantiko guztiak irensteko astia!

etiketak: Saski Naski
matxalde
matxalde dio:
2006/04/04 16:30

Zorionak, lehenbizi. Esan maitasunak -nobeletan ere- gazte mantentzen laguntzen duela... bihotza. Gureak ere jubilatu ostean irakurri ditu bizi osoan irakurri ez dituenak: Sendoa argitaletxeko aspaldiko kontakizunak ditu gustuko; denbora galduen (ez galduaren) bila edo. Esandakoa, urte askoan liburua eskuan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.