Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Igandekoak (III): Roma

Igandekoak (III): Roma

Xabier Mendiguren 2004/09/19 17:51

Adolfo Aristarain zuzendari argentinarra ezaguna da gure artean, ez bakarrik Donostiako Zinemaldian lehiakide eta irabazle izan delako birritan: Hego Euskal Herri osoko zinema komertzialetan ikusi ahal izan dira bere azken filmak, espainiarrekiko koprodukzio eta lankidetza estuan ari denez geroztik.

Espainiaren morrontza?

Film honetan ere Espainiarekiko lotura hori oso indartsua da: argumentuan bertan, protagonista gaztetan Argentinatik Espainiara joandako idazlea da, bere oroitzapenak idazten laguntzeko argitaletxetik kazetari gazte bat bidaliko diotena; eta aktoreetan ere, Jose Sacristanek jokatzen du idazle helduarena, Juan Diego Bottok rol bikoitza jokatzen duen bitartean: kazetariarena eta idazlea gazte zenekoa.

Gauza jakina da zinema industria bat dela, dirua behar dela martxan jartzeko, eta produkzio-arrazoiek goitik behera baldintzatzen dituztela proiektuak. Hori zalantzan jarri gabe ere, esan egin nahi nuke produktuaren kaltetan gertatzen dela hemen Sacristan kargantearen hautua, baita filmaren alderdi espainiarra ere oro har, arrazoi komertzialek eragindako kontzesioa.

Malenkoniaz blai

Ez da hori filmaren arazo bakarra ordea. Luzea den arren gustura ikusten da, elkarrizketak onak dira, gauzatzea alde guztietatik txukuna, Aristarain zuzendari ofizioduna da eta ez dugu gutxiago espero. Gehiago ere espero genuen ordea.

Filmak Joaquín Góñez idazlearen haurtzaroa eta gaztaroa oroitarazten dizkigu, bizpahiru atzera-salto luzeren bitartez. 50eko Buenos Airesko giroa, 60ko amaiera aldekoa eta 70eko hasierakoa ikusiko ditugu hartara. Girotzeak oso ongi funtzionatzen du, zuzendariak bere oroitzapenak erabiliko zituen neurri handi batean eta ezagun du gustura aritu dela. Baina oroiminezko ariketa bertangoxo bat iruditu zait niri, filmari izena ematen dion Roma amarenganako maitasun eta omenaldiak nostalgia hori zilegi egin badezake ere.

Klixe gehiegi

Hainbat gauza ere kontatzen dizkigu, dena ez da iraganaren ederreste hutsa. Joaco gaztearen maitasun alferrik galduaren istorioak, adibidez, emozioa eta indarra lortzen ditu une batzuetan, baina bai hori eta bai bigarren mailan geratzen den politikazko haria topikoz gainezka daude, eta ez dute lortzen, beraz, kontakizun original, sentitu eta berebiziko baten arnasarik.

Filmaren emanaldian ikusle guztiz enpatiko bat izan nuen ondoan, gidoiko elkarrizketan grazia apur bat egiten zuen ezer entzun orduko algara egiten zuena eta zati hunkigarrietan begiak hezetzen zitzaizkiona. Hari bezala, posible da jende askori zoragarria iruditzea. Denok ez gara berdinak.

etiketak:
maider
maider dio:
2004/10/19 14:44

kaixo!!!!gustatuko litzaidake enpatiarekin zerikusia daukan zerbait lortzea. lagundu al didazu? mila esker.

xme
xme dio:
2004/10/19 14:56

Enpatia da beste norbaiten sentimenduekin bat egiteko joera edo erraztasuna. Hortik aurrera, psikologia-liburuetan egon liteke informazio gehiago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.