Orain dela 20 urteko Bartzelona
Espainiako literaturan prestigioa duen idazle bat nahi bada, horra Eduardo Mendoza. 1975ean bere lehenengo nobela "La verdad sobre el caso Savolta" kaleratu bezain laster oinetan muin egitera makurtu zitzaion kritika, historia-puska bat literatura bihurtzeko abileziagatik, kontagintza modernoaren baliabide kaleidoskopiko guztiak maisuki erabiliz; horren ostean, zer egingo eta bi dibertimendu zoro bezain zoragarri kaleratu zituen, "El misterio de la cripta embrujada" eta "El laberinto de las aceitunas", eleberriak kontaketaren abentura izan behar duela dioten teorikoei muturrean zaplaztekoa joz, abenturaren kontaketa eta hizkuntzaren festa gozagarria uztartuz.
Geroztik, liburu serioak eta parodikoak tartekatu ditu, noiz asmo handiko erretratu soziologikoak noiz pertsonaia partikularren gorabeheratxoak kontatuz, hurrena nondik joko duen ez dakigula.
Oraintxe argitaratu diote azkena, "Mauricio o las elecciones primarias", eta betebehar profesionaletik kanpoko irakurketa-gosea nuenez, hartu eta irentsi egin dut asteburuan.
Espektatibekin badakizue zer gertatzen den: itxaropideak goregi, eta zapuztuta geratzeko aukerak handiago. Honekin aurreratzen ari natzaizue, neurri batean, zer gertatu zaidan liburu honekin. Txarra ote da ba? Txarra ez baina... Azal dezadan "hokio", Joxemari Bakerok esango lukeen moduan.
Ohi duen moduan Bartzelonan kokatu du Mendozak istorio hau, 1984-85 inguruan. Mauricio protagonista, gizonezko gazte bat da, klase ertaina deritzan horretakoa, lanbidez haginlaria, kultu, jator eta zintzo samarra, espiritu gutxikoa halere. PSCren hautagai izango da Pujolek irabaziko dituen hauteskunde batzuetan, eta bi emakumeren artean ibiliko da: Clotilde abokatu azkarra, eta La Porritos deitzen duten maribandera on-puska. Hain zuzen, liburuak aurrera egin ahala susmoa dugu izenburua ez dela politikoen arteko hautuez ari, ezpada bizitzan egin beharreko oinarrizko aukerez.
Mauricioren bitartez, huntaz eta hartaz jarduteko aprobetxatuko du Mendozak: politika, urbanismoa, goi mailako negozioak, bikote-harremanak, Israel, olinpiadak eta beste edozein kontu, gehiegi sakondu gabe hala ere, irakurgai samur eta arina eskaini nahi digula ematen baitu, oroz lehen, inongo zailtasun tekniko nahiz linguistikorik gabe.
Batere zailtasunik gabe irakurri dut nik ere, baina ezin ezkutatu beste xeoxer nahi eta espero nuela, idazlearen hainbat liburu eta nobela honen erreseina irakurri ostean. Erreseinaren kontu horrek aipamen xeheagoa merezi du, ordea, eta hurrengo batean segituko dut.
Ez dakit Xabierrek bera ote zuen buruan, baina niri Harkaitz Cano bururatu zitzaidan hori irakurritakoan. Esan dezadan, bide batez, Harkaitzek horretarako merezimendu (edo ez-merezimendu, nondik begiratuta) lain egin dituela iruditzen zaidana.