Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zauriak

Zauriak

xme 2004/09/18 18:11

Hasi da Zinemaldiko sail ofizialeko lehiaketa, sarigarri diren lehenengo bi filmen emanaldiarekin: "Brodre" daniarra eta "Inguélézi" frantziarra.

Film bakoitza mundu bat da berez, eta biak plater berean aurkeztea lardaskeria bat nire aldetik, baina mezuak pilatzea ere ez dela komeni-eta, Julio Ibarraren albistegietako "liaison" horietako bat egingo dugu: izan ere, esan liteke gure mundu honetako zauriak eta pertsonen baitakoak ageri direla film bietan, proportzio diferentetan baina.

Bi anai

Brodre ("Anaiak" danieraz, ondo idazteko marra oblikuo batekin ebakiz o hori) Susanne Bier-ek idatzi eta zuzendutako drama familiarra dugu, Afganistango gerraren ukitu batzuekin zipriztindua. Anaia bi ageri zaizkigu hasiera-hasieratik: bata (Jannik) ganorabako, zakar eta erasokorra, kartzelatik atera berri da; bestea (Michael) aurrekoaren ifrentzua da: gurasoentzat seme zintzo, alabentzat aita on, andre ederrarentzat senar maitagarri, anaiaren lagun handi, menpekoen nagusi jator (militarra baita Michael, laster batean Afganistanera doana, Nazio Batuen "giza laguntzazko" misio horietako batera).

Hortik aurrera zer etorriko den, ez dut gehiegi aurreratu nahi, ikusiko duzuenon plazera ez zapuztearren. Izan ere, hainbat gorabehera gertatuko zaizkie pertsonaiei, eta inguruabarrak beraiengan (anaia lerdoagan zein zentzudunagan) zer-nolako ondorioak dituen ohartuko gara, Sarah emaztea bien arteko ardatz bihurtuta.

Aktoreen lan ederra

Sentimenduen inguruko filma da hau, emozio-une handikoa, indarra batik bat gidoian eta aktoreen zuzendaritzan daukana. Gizonezko bi protagonistak, Ulrich Thomsen militarra zein Nikolaj Lie Kaas preso ohia (azken hau zuzendari berarekin "Open Hearts" bikainean jarduna) bikain ari dira.

Connie Nielsen, berriz (Hollywood-eko izar daniarra, "Gladiator"en agertu zena, Sharon Stone eta Kim Bassinger-en tartekoa), sexiegi iruditu zait niri hasiera batean jende arruntaren problemez ari den film serio baterako, baina ongi betetzen du bere rola eta, bestalde, esan liteke bere xarma horrek baduela funtzio dramatiko bat ere, beste protagonisten hautu moralen bultzatzailea den aldetik. Aipagarria da alabena egiten duten bi neskatxen lana ere.

Afganistan

Gerraren zipriztinak aipatu ditut lehen, eta emanaldiaren osteko prentsaurrekoan horri buruzkoak izan ziren kazetarien galdera asko: irailaren 11, Irak-en inbasioa, Bush... Hala ere, nire iritziz iragaitzazko eta axalekoa da hemen gerraren erabilera. Indarkeriak pertsona bat muturreko egoera batera nola eraman dezakeen erakusten zaigu, egoera horretan zirt-zarteko erabakiak nola hartu behar izaten diren, eta horrek gero pertsona horrengan nahiz ingurukoengan zer-nolako ondorioak izan ditzakeen. Afganistan bezala izan zitekeen beste edozein gatazka, dilema etikoa axola baitzaio zuzendariari, itxuraz, eta ez inperialismoaren salaketa edo nazioarteko politika.

Zuzentze nahiz muntaian ez dugu ikusi sofistikazio berezirik, lehen plano guztiz hurbil batzuk eta ezer gutxi gehiago, telebista oroitarazten zuten teknikak edo Dogma mugimenduaren ondoriozkoak. Filmak aurrekontu txikia du, bestalde: hiru milioi euro. Hortaz, hona galdera: Danimarka berez gure herria baino askoz handiagoa ez denez gero, ezin ote genezake guk ere noizean behin horrelako pelikula txukun, duin eta hunkigarri bat egin?

Odisea modernoa

François Dupeyron frantziarraren Inguélézi izan dugu gaurko bigarren filma, emigrazioaren gai modakoa bere gordinean jorratzen duena. Dupeyronek gai zailak eta tankera diferenteko filmak egin ohi ditu (orain dela dozena erdi bat urte "C'est quoi la vie?", Donostian Urrezko Maskorra irabazi zuena), eta oraingoan ere apustu gogorrarekin datorkigu.

Senarra hil berri zaion emakume bat ageri da hasieran: Geneviève (Marie Payen-ek jokatua); ustekabean, Kurdistandik Ingalaterrara joan nahi duen emigrante bat azalduko da bere bizitzan: Kader (Eric Caravacak antzeztua). Bien artean sortzen den harreman berezia eta Itaka baten bila egingo duten bidaia bihurtzen da filmaren mamia.

Kontzesiorik ez

Protagonista biek ez dute elkar ulertzeko hizkuntzarik. Hortaz, begirada ugari, isilune luze eta mintzaldi ulergaitzezko filma da "Inguélézi" hau. Amodioa mintzaira unibertsala dela pentsatzen ariko da irakurlea, baina Dupeyron ez da jausi errazkeria sentimentalean. Giza solidaritate senezko bat da, izatekotan, alarguna bere lozorrotik aterako duena.

Film ausarta egin du zuzendariak, aukeran luzeegia, interpretazioan neurtua, hotza ere bai tarteka, sinesgarria eta zintzoa, arrakasta komertzial handirik ez diogu aurreikusten baina. Filmatze-modua ere ezin alde batera utzi, kamera digitala beso gainean hartuta aritu baita Dupeyron, baina horrek ere bere arrazoia duela esan liteke, kameraren mugimendu urduri etengabe horrek guztiz egoki islatzen baitu protagonistaren nora eza.

etiketak: zinema
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.