Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Biktimak

Biktimak

xme 2006/02/17 10:59

Har ditzagun bi lagun: Patxi eta Julian. Biak ere sasoiko gizon ezkondu eta aita familiakoak. Iluntze batean, baxoerdi batzuk hartu ostean etxera zetorrela, Patxiri lapur bat azaldu zitzaion aurrean, labana erakutsiz zeuzkan diru guztiak eta erlojua eta eraztuna emateko eskatuz. Patxik aurre egin ziolako, edo ezer ez zeukalako, edo lapur hura gizatxar hutsa zelako, ez dakigu ondo zergatik baina labana bihotz barruraino sartu zion eta kalearen erdian odolustuta hil zen Patxi gizajoa, farolen argi tristearen azpiko odol putzu batean igeri.

Julian ere, bere eguneroko lanak eta bilerak amaitu eta etxera bidean doa. Ez daki, ordea, Mila eta bat gauetako ipuin hartan bezala, Herio duela zain. Poesiak alde batera utzita, gazte bat dauka zelatan, eta, inguruan beste inor ez dabilela ziurtatu ostean, hurbildu eta tiro egin dio buruan. Julian gaixoak ere ez du ia astirik izan bere emazteaz eta seme-alabez oroitzeko, hiltzera doanik konturatzeko eta heriotzaren ondoren beste ezer ote dagoen pentsatzeko.

Horraino, bi historia triste, ustekabeko heriotza beti izaten den bezala. Orain imajina dezagun Julianen hiltzailea ez dela kontu-garbiketan zebilen mafiosoa, talde politiko armatu bateko kidea baizik. Terrorista bat.

Patxi eta Julianen alargunak lur jota geratuko dira, normala den bezala. Seme-alabak, beste horrenbeste. Baina, galeraren, saminaren eta suminaren berdintasun horretatik aurrera, guztiz bestelakoa izango da familia baten eta bestearen patua.

Patxiren emaztea, senarraren soldatarik gabe, estu eta larri ibiliko da hil amaierara iristeko. Saldu egin beharko du Benidormeko apartamentua, eta seme-alaba zaharrena, beharbada, unibertsitatea utzi eta lanean hasiko da, etxean laguntzeko. Bizimodu tristea izango dute hurrengo urteetan, baina aurrera egiten saiatuko dira, aitarekin aldian behin gogoratuz baina kontu triste hartaz gehiegi ez pentsatzen ahaleginduz; are gutxiago inoiz harrapatu ez zuten hiltzailearekin.

Julianen alarguna eta seme-alabak zorabio batean bezala ibiliko dira bolada batean, omenaldi, prentsa-agerpen eta bestelako saltsekin. Dena eskertuko dute, noski, baina batzuetan ez dute jakingo mina eztitu ala areagotu egiten zaien horrelakoen bitartez. Eskerrak, hala ere, instituzioak portatu diren, eta eman dizkieten kalteordainekin zertan kezkaturik ez daukaten. Euskal Herritik joatea ere pasatu zaie noizbait burutik, gorrotozko begiradak sumatzen dituztelako zenbait lekutan, edo beraiek sentitzen dutelako gorrotoa zenbait lekutatik pasatzean.

(jarraituko du)

etiketak: Politika
Gaztelako bat
Gaztelako bat dio:
2006/02/17 21:47

Eske nola Xabierrek esan duen jarraituko duela, ba jarraipenaren zain nago ahoa ireki baino lehen.

Gaztelako beste bat
Gaztelako beste bat dio:
2006/02/17 20:50

Hara! Zeure fan amorratuak oraindino ez dau erantzun, Xabier, Gaztelako bat horrek.

Ederra artikulua. Gaur egunkarian gai honeri buruzko beste eder hau irakurri dot.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.