Ez da esnezalearen ipuina baina
Herri-kondairak Churchill-i egozten dio harako esaldi eder hura, alegia, demokrazia dela zure atean goizeko bostetan jotzen badute zuk jakitea esnezalea dela eta ez, esaterako, polizia. Gaur ez dut mezu politikorik botako, ordea, itzuliko gara berriz ere saltsa horietara.
Esnezalearen ipuin horretan bezala, herri bateko patxadaren beste termometro bat bururatu zitzaidan aurrekoan, nire herriko janari-denda baten aurrean ikusi nuenean eskale baten txanoa, txanpon batzuk barruan zituela, baina eskalerik gabe.
Lantoki finkoa izango du eskale horrek denda aurre hori, askotan ikusi baitut bertan, eta behin baino gehiagotan gertatu zait eskalea ez egotea baina bai bere txamarra eta diru-poltsa. Kafe bat hartzera altxatuko zen, edo komunera behartu, ez baita gozoa izango egun osoa kale gorrian ematea, neguan batez ere.
Eskale hau ez dakit den oso diruzalea (pixalarria arintzera doan bitartean bota diezazkioketen xentimoak galdu nahi ez dituena) ala oso fidakorra (xorroan utzitako diru-pixarrak inork lapurtuko dizkionik errezelorik ez daukana) ala eskaleen artean borroka egoten den batek hustutako lekua beste batek hartzeko.
Nolanahi dela, eta eskaletza gauza tristea dela onartuta ere, ederra iruditu zitzaidan irudia, eta pentsatu nuen Churchill-enaren antzeko beste axioma bat asma genezakeela: eskale bat arratsaldeko garagardoa eta ogitartekoa erostera joan eta eske-tokian bertan uzten dituenean bere trasteak eta bere eltzeitsua, horixe da herri bateko patxada (edo ongizatea, edo bakea, edo nahi duzuena).
Guarko Radio Euskadiko MQPn pasa dituzten telefono deien artean, entzulearen telefonoaren deien artea, oso nabarmen iruditu zait bat. Gizonezko bat kexu zen, bilboko eroski baten, egunero, eguerdi partean eta ordu berean, atso batzuek zaborrak nahastu, poltsa puskatu, iraungituta dagoen jana hartu eta dena lurrean uzten dutelako, zikin zikina. Entzule honek galdetzen zuen nola den posible XXI mendean jendea hain zikina izatea eta udalak halakorik baimentzea. Oraindik ez dakit oso ironikoa zen (ez baitzuen horrela ematen) edo benetan egoera horretan agertzen zen arazoa zabor poltsa puskatuak ziren.