Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Lagun zaharraren gorazarrez

Lagun zaharraren gorazarrez

xme 2006/01/26 14:49

Plentziako institutuan izan nintzen atzo hizlari, eta bertan irakasle dagoen lagun zahar batekin joan nintzen bazkaltzera gero. Gorlizko batzokian ondo ematen zutela-eta, hara abiatu ginen, Sabinoren itzala gure mihietatik irtengo ziren antidoto egokia izango zelakoan.

Jon Baltza da lagun honen izena, batxilergoko nire ikaskidea, aspaldidanik Sopelan bizi den tolosarra (sorterri kuttuntzat Intza duena), filosofiako irakaslea, euskarari buruzko tesi harrigarrienetako baten egilea ("Un escorpión en su madriguera" liburuan irakur litekeena).

Euskal literaturaren historian sartzeko ohorea, berriz, beste ipuin bati esker lortuko du, "Celosamente gordea" izeneko testu horixe izango baita, seguruenik, euskañol antzeko batez idatzitako lehenengo istorioa. Hona hasiera: "Ninchen un niño etorri senean la Nueva Era, eta todo asi sen a isan diferente".

Ipuin hori asko erabili zuten garai batean AEK-ko euskaltegi batzuetan, eta BAP musika-taldeak ere bertsio bat egin zuen. Hala ere, iruditzen zait narrazio labur hori gaizki ulertu eta interpretatu dela beti: euskararen heriotzaz ari delakoan eta... Irakurri arretaz amaiera, eta konturatuko zara barruan duen ironia leherkariaz.

etiketak: Liburu kritikak
Jabi
Jabi dio:
2006/02/05 15:18

Bitxia amaiera eta, hartara ere koherentea erabat kontaketa. Plentziako institutua aipatu duzunez, niretzat kontaketak beste buelta bat ere badu, nire subjetibotasunetik ikusita.

Bitxia, bai, institutu horretan erderaz hezi gintuzten irakasle erdaldun peto horien ordez, orain euskaldunak inposatu direla ikustea. Ni han nengoela zabaldu zen, 89-90ean, estraineko D ereduko ikasgela BUPeko 1. mailan, maila berean erdarazko beste bi zeudela... Kontatu didatenez, orain Euskal Herriko historia ikasten dute gazteek, euskal kantarien eta euskal literaturaren berri izaten dute klasean. A ze "suertea", horiek guztiak bere kabuz eta halamoduz ikasi behar izan dituen baten ikuspegitik! A ze "brasa" egun, gogo barik eta derrigortuta ikasi behar dituenarentzat.

Dena amaitu da? No, todavia geratzen dira, en sus etches, en el recreo y en la calle, vieja lenguari gogoz eusten dioten ehunka gazte.

Esaterako, guk Ikasle Abertzaleak taldea sortu eta Plentzian bilerak euskaraz egiten genituen, gehienok A ereduan bagenbiltzan ere. Egun, berriz, kontatu didatenez, gauzak hobetu dira nabarmen: abertzaleenek ere euren bileretan gaztelania erabiltzen dute eta ederki moldatzen ei dira. Dena ez dago galduta, ez... Cervantes vive!

gorka
gorka dio:
2006/01/27 21:11

Ez nuen testua ezagutzen jejeje

Jozulin
Jozulin dio:
2006/01/27 00:37

In illo tempore... Buuuufa! Zenbat urte! Zenbat aldiz ez ote nuen ipuin hori irakurri "gaztetan"! Dena dela, komentzituta nengoen "Txistu Y Tambolin"en argitaratu zutela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.