Igartza saria
Idazle gazteak bultzatzeko sariketa da Igartza, CAFek, Beasaingo Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako beka, eta zazpigarren deialdiko sariak eman berri dira.
Julen Gabiriak, Jasone Osorok eta Xabier Mendiguren Elizegik osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko 13 lanak aztertu eta gero, sari baten ordez bi behintzat eman nahi izan ditu, bataz besteko maila handia zegoela ikusita. Hortaz, sari nagusia "Amaren eskuak" nobela-proiektuari eman zaio (Karmele Jaiok idatzia), eta akzesita "Lile" ipuin-bilduma egitasmoari (Peru Magdalenak aurkeztua).
Karmele Jaio Eiguren Gasteizen jaio zen 1970ean eta bertan bizi da gaur egun ere. Informazio-zientzietan lizentziatua da eta lanbidez kazetaria, hainbat komunikabidetan jarduna. Literaturaren arloan zenbait ipuin-lehiaketa irabazi ditu orain arte, eta aurki argitaratzekoa du bere lehenengo liburua, Hamabost zauri ipuin-bilduma.
Amaren eskuak nobelan, ama ospitalean koma antzeko luze batean daukan emakume gazte bat da protagonista: Nerea. Amaz arduratzeaz gainera, bi ume txiki ere baditu Nereak, eta kazetari-lana egunkari batean, eta denera ailegatu ezina. Ez da hau emakume moderno estresatuaren hamaikagarren parabola ordea. Ama-alaben arteko harremanean zentratzen da batik bat, eta belaunaldi diferenteetako emakumeek izan dituzten eta dituzten arazo berdin edo desberdinetan. Sentiberatasuna eta xehetasunekiko ardura azpimarra litezke, idazkeraren oreka eta erritmo egokiarekin batean.
Peru Magdalena Arriaga Berrizen jaio zen 1980an eta Durangon bizi da gaur egun. Bertsotan ibilia da, hainbat komunikabidetan kolaboratzailea, eta Txaman literatur taldeko partaidea.
Lile pertsonaia hunkigarri bat da, ipuin-bilduma honi lotura eta atmosfera berezia ematen diona, nahiz eta bera ipuin guztietan agertu ez. Hainbat gai eta giro ageri dira ipuinotan, hala nola bikote-harremanak, gatazka politikoa, adinduen bakardadea Egitasmoa bera lanbrotsu samarra da berez, baina lagineko testuetan trebezia eta sena ageri ditu egileak, kontakizunaren eraikitzean nahiz hizkeran.
Kaixo. aurtengo Igartza idazlan lehiaketari buruzko informazioa nahi nuke aurkeztuko diren narrazioen baldintzak zeintzuk diren eta epea noiz den zehatuz. Eskerrikasko.