Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Eta okerragoa da erremedioa

Eta okerragoa da erremedioa

xme 2006/01/25 09:00

Aspaldi ez dut igerilekuaz hitz egin, baina segitzen dut herriko pistinara joaten, larunbat-igandeetan, hogei minutuko saio parea egiteko astean. Zer kontatu handirik ez daukan eginkizuna da berez igeri egitea, baina aurrekoan halako gogoeta baikor-ezkor sorta bat etorri zitzaidan gogora, eta hemen botako dizkizuet.

Tarteka ikusten dituzu igerilekuan gorputz gazte, eder, gustagarriak. Beste askotan, berriz, zaharren gorputz erori, zabartu, itsusituak. Bizitza bera bezala, noski, baina arropa gutxiago daramagunean bistakoago.

Gorputz batzuen eta besteen arteko aldeez eta denboraren igarotze geldigabeaz pentsatzen ari nintzela, "Hik oraindik hurbilago dauzkak gazteak" etorri zitzaidan burura, gogoeta kontsolagarri antzekoa 41 urte dituen honentzat.

Geroxeago, baina, barneko ahots ilun batek eman zidan arrapostua: "Ez horixe! Gazteen gorputzak utzi hituen atzera, eta sekula ez haiz horretara itzuliko. Bestea duk hire etorkizuna, eta horra hoa ezinbestean".

Ze parte txarrekoak diren batzuetan gure gogoetak. Bakarrik falta zitzaion eranstea, zahartzea gustukoa ez duenak, okerragoa duela erremedioa...

etiketak: Saski Naski
Matxalde
Matxalde dio:
2006/01/25 14:50

Igerilekua beharrezko nuke neronek ere, baina atzerantz ezin egin jende dexente dagoenean, honi edo hari izterrean igurtziren bat egin gabe. Zer pentsatuko ote lukete. Bestalde, behin 40 egin eta jaikitzean ez baduzu hango edo hemengo minik, gaizki: hilda zauden seinale! Eta izan gaitezela zahartzeko!

Patxi
Patxi dio:
2006/01/25 11:49

Bada nere lagun bat, gaxuak batzuetan oso gaizki lo egiten duena. Sekulako amesgaiztoak izaten ditu. Zorigaiztorik zorigaiztokoenak bizitzen ditu gaixuak.

Burua ez da gai lo dagoela, ametsak eta errealitatea desberdintzeko, gaizki pasatzen du.

Esaten diot beti bere gau-kronikak kontatzen etortzen zaidanean, ez naizela harritzen holako amesgaiztoak izateaz, egunez bere gau-ipuin kontalaria hain ondo elikatzen badu.

Gure pentsamentuek inertziatik asko dutela, joera txarretik, ni konbentzituta nago, neroni asko errekreatzen bainintzen garai batean gerta zekizkidakeen desgraziez (izaten nituen amesgaizto zitalak). Orain berriz batere ez.

Igerilekuan egongo diren gorputz eder gazte gustagarriekin, denbora horretan ematea ere!

Idazle jendilaje hau! ;-) _

asel
asel dio:
2006/01/25 12:42

aspaldian ez naiz igerilekura joan, sasoi batean egunero egiten nuen arren, baina orain, gorputz gazte gustagarri horiek gogora ekarri ta eta balantzaren plater batean ipinita, agian nire denboraren banaketa birplanteatu beharko dut. Saiatuko naiz nirea norantz doan gehiegi ez pentsatzen... ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.