Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / EAEren kontra

EAEren kontra

xme 2006/01/23 09:58

"Gora legea! Heil!" izeneko artikulua sartu nuen hemen joan den ostegunean, Berria-n argitaratu zidaten egun berean, eta abisua utzi nuen txoko honetan zentsura linguistikorik gabe zihoala testua. Zentsuraturikoa zer den galdetu dit irakurle batek, eta, amua bota nuenez, erantzuna ere zor dudala iruditzen zait. Beste norbaitentzat ere interesekoa izan litekeelakoan, mezu berri batean.

"EKAn (Euskal Komunitate Autonomoan)" idatzi nuen artikuluan, eta Berria-n beste hau argitaratu: "EAEn (Euskal Autonomi Erkidegoan)". Horixe da, labur esanda, aldaketa. Zentsura deitzea gehitxo izango da seguru asko, edukia ez baitu ukitzen, eta Euskaltzaindiaren araua betearazi besterik ez baitu egiten, nik "hibai" idatzi eta haiek "ibai" zuzendu balidate bezala.

Alde txiki batzuk badaude ordea. Inportanteena, nik badakidala EAE dela izendapen ofiziala eta nahita erabili dudala bestelakoa. Eta Berriakoek ere badakite (jakingo ahal dute!) nik badakidala. Denok izan ditzakegu geure temak eta egoskorkeriak, eta hizkuntza batuaren kontu honetan ia guztiok dugu ohituraren bat, arauekin bat ez datorrena: batek ez du marratxorik erabili nahi, bestea txorabiatu egiten da "hazka egin / azkura" tankerakoekin, hurrengoak ezin du eraman "nora ezean" aparte idatzi beharra... Araua eman duenak bere arrazoia izango du, kontra dagoenak ere berea, eta alferrik izaten da eztabaidan sartzea.

Gaurkoan, baina, neure desadostasunaren berri emango dut, eta arrazoituta gainera. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten zerari "Comunidad Autónomo Vasca" deitzen zaio; hori euskaraz esateko, zuzen edo oker, "Euskal Autonomi Elkartea" asmatu zuen norbaitek, eta izendapen hori erabili zen urtetan euskal komunikabideetan.

Izendapen horrekin batzuk ez zeuden konforme. Jose Luis Lizundiak, adibidez, behin eta berriz esan zuen "Elkarte" ez zela izen zehatza, eta argudioa indartzeko sarritan aipatu zuen hori zerabilenak ez zekiela alemanezko "Gesellschaft/Gemeinschaft" bereizketaren berri.

(Parentesi artean: euskaraz ondo egiteko alemanez jakin beharra ote dagoen zalantzazkoa izan liteke, eta bestalde, zorrotz jartzen bagara, lotsagarria da alemanek "gesellschaft" bakarrez deitzea guk bi errealitate eta izen diferentez bereizten ditugunak: "elkarte" eta "gizarte"; beraz, has daitezela berehala Alemaniako hizkuntza-arduradunak izen berri bat asmatzen, bestela lotsagarri geldituko dira-eta munduaren aurrean).

Lizundiak "elkargo" hitza proposatzen zuen gure gemmeinschaft edo dena delako honentzat; bitartean, gure auzoan "Nafarroako Foru Komunitatea" zen euskarazko izen ofiziala; halako batean Euskaltzaindia hasi zen lanean, eta erabaki zuen izaki administratibo honi, ez elkarte, ez elkargo, ez komunitate: erkidego deitu behar zitzaiola. Eta izen osoz esanda: "Euskal Autonomi Erkidegoa" edo "Euskal Autonomia Erkidegoa".

Erkidego bezalako hitz ilun eta tradizio gutxikoa berpizteak zentzurik baduen luze eztabaida daiteke; arrazoi estetiko eta soziologikoak emango nituzke nik horren kontra, baina ez naiz sesioan hasiko. Kontu horretan okerrena da zalantzazko hauts pikor bat trabatik kentzen jarri zirela indar eta ahalegin guztiak, eta dudarik gabeko kaka-mokordoa bere horretan utzi zutela: "autonomi(a)".

Zer demontre da "autonomi(a)" hori? Hitz elkarketa baten lehen osagaia, esango didazue. Arazo psikologiko edo psikologi(a) arazoa bezala. Bai, ulertu dut. Baina hor nahasketa itsusi eta zabar bat egin da. Zeren, gauza bat baita autonomiari dagokiona edo autonomikoa, eta beste bat autonomoa edo bere kasakoa. Adibide pare bat jarrita ulertuko duzue:

Autonomiari buruzko gauzei buruz hitz egiteko legelariak biltzen direnean, "autonomi zuzenbideaz" dihardutela esan genezake. Aldiz, psikologo bat ari bada nerabeak pixkanaka hartu behar dituen askatasun eta erantzukizunez hizketan, gaztetxoak "pertsona autonomo" bihurtu behar duela esan lezake, baina ez "autonomi pertsona" (ez eta "pertsona autonomiko" ere).

Hortaz, gure auzira itzulita, erkidegoa giza talde bat baldin bada, Estatu baten barruan ezaugarri komun eta berezi batzuk dituelako bere burua gobernatzeko legeak eta instituzioak izan ditzakeena, erkidego hori autonomoa dela ondorioztatuko dugu, hor duela zentzua hitzak, eta bestea parlantzu akademiko-politikotik sortutako berbakondo sasiko bat besterik ez dela.

Beraz, hemendik aurrera insumiso izango natzaio "autonomi erkidego" orori, nahiz bateko eta besteko zentsore eta polizia linguistikoekin borrokan jardun beharko dudan.

etiketak: Saski Naski
eneko
eneko dio:
2006/01/23 19:01

Interesgarria. Insumisioaren bidea emankorra izaten da epe luzera, eta ez da etsi behar. Erkidego-elkarte-elkargo izendapenari dagokionez, Iparraldean "Communauté de Communes" egiturari, zuzen ala gaizki, "Herri Elkargo" itzulpena asmatu diogu, eta uste dut egokia litzatekeela "Elkargo autonomoa" izendapena. Beste kontu bat, "Euskal", "Euskadiko" edo nola deitu

Mikel
Mikel dio:
2006/01/24 18:35

Ona duk artikulua, Xabier, eta nahiz eta izendapena berdintsu zaidan, gustatzen zaidak intsumisio-proposamena, batez ere hirea bezain argudiatua denean. Dena den, gehien gustatu zaidana eta benetan bat natorrena titulua duk: "EAEren kontra". Ni ere bai. Baina baita EKAren kontra. Eta, ez gaizki pentsa, Nafarroaren kontra ere bai.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.