Diletante bat Zinemaldian
Sustatu.com weblog kolektibo serioaren eta Egunen harian blog pertsonal honen arteko akordioaren ondorioz, Xabier Mendiguren Elizegi bietarako berri-emaile ibiliko da 2004ko Donostiako Zinemaldian.
Lotsa gutxi eta ausardia dexente behar du zinemarekin lotura zuzenik gabeko batek, bat-batean zinemaldi handi bateko kritikari bihurtzeko. Baina tira: zinemaldiko epaimahaiaren burua idazle ospetsu bat baldin bada, idazle apal batek izango du bere iritzitxoak emateko aukera, ezta?
Ezin konta ahala ordu emango nuen pelikulak ikusten, baina beti izan dut buru txarra eta interes gutxi zuzendari, titulu, aktore eta abarrekoak gogoan hartzeko. Beraz, kultura zinematografiko eskasa. Hobe dut aldez aurretik aitortzea, inor ohartu eta salaketan hasi baino lehen. Hala ere, produktu narratiboak epaitzeko gauza naizela esango nuke; ez dut besterik egiten nire eguneroko lanean; istorio bat hitzen edo irudien bitartez kontatzea ez da gauza bera baina.
Egiteko honetan sartzekoa nintzela jakin zuenean, liburu batekin etorri zitzaidan lagun on bat: Rumores del cómplice (cinco maneras de ser crítico de cine), Rufo Caballerok idatzi eta Habanako Letras Cubanas argitaletxeak plazaratua. Sarreran printzipio-adierazpen moduko bat egiten du egileak, nik ere neure egiten dudana: "Ez dut ulertzen idazketa emoziotik kanpo, zeren bizitza, arrazoimena, antzuak eta hutsalak baitira, hunkipenaren bahetik eta graziatik pasatu ezean".
Beranduxeago, berriz, beste aitorpen hau, are lasaiago utzi nauena: "Egia esanda, ez dut irakurtzen Fotogramas, Cinemanía edo antzekorik. Horretan beharko nukeen denbora biziari zukua ateratzen ematen dut, giza jokabideari begiratzen, eta gero zinemara jotzen dut bizitzaz hitz egiteko, garbi eta zintzo izatearen garrantziaz". "Garbi eta zintzo izate" hori elizkoi samarra egiten zaigu, baina tira. Gero alde batera utzi dut Rufo Caballeroren liburua, barkatuko ahal nau, pedante samarra iruditu baitzait, honelako pasartez betea: "La muerte como cosmos, como ideologema teleológico, como episteme revelador de otra vida que se cuece a un fuego más valioso".
Bueno: kontuak kontu, hemen izango nauzue datozen egunetan, filmak komentatzen batik bat, eta giroaren berri ere bai, ahal baldin badut.
kontuz, Xabier, seguru Vargas Llosa eta Almodóvar hi bezalako perla fin bat beren lerro afrusetara erakartzen ahalegintzeko aukera ez dutela galduko, "plasta ya!"koen manifaren batean sartu nahiko haute ziurrenik, baina hik eutsiok buru argitasunari eta ea lortzen duan Woody Allenek "Gernikako arbola ta bere katua" jo eta gero klarinete pare bat izenpetzea Euskadiko Orkestraren Museoa apain dezaten