Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Saltsa gozo-garratza

Saltsa gozo-garratza

xme 2004/09/15 09:19

"Berria"ko Idazleak irakurle atalerako idatzia

Nick Hornby: Cómo ser buenos (Jatorrizko izenburua: How to be Good). Arg: Anagrama, 2002. 330 or.

Sloterdijk irakurri gabe ere edonor kontura daiteke, pixka batean pentsatuz gero, zinismoa bihurtu dela egungo gure gizartean jarrera unibertsal guztiz zabaldu eta kontsentsuzkoa: berdin praktikatzen du eskuinak nahiz ezkerrak, indar berberarekin besarkatzen dute apokaliptiko zein integratuek. Ironia bihurtu da giza balio nagusi, eta zinismoa intelijentziaren ezinbesteko jantzi.

Hornbyren nobelaren hasieran seme-alabekiko bikote bat daukagu: Katie eta David, bata besteaz potroetaraino / titietaraino egon eta hala ere elkarrekin jarraitzen dutenak, elkarren akatsak ezin hobeki ezagutu eta min egiteko, xaxatzeko aprobetxatzen dituztenak: horraino, ezer berririk ez; kasik esan liteke gure garaiko kostunbrismo domestikoa direla era honetako eszenak eta egoerak.

Bat-batean baina, errebelazio baten ondoren, ordura arte munduko gizonik zakarrena, zaputzena, mingotsena zen David, guztiz zintzo eta bihotz oneko bihurtzen da, lehengo bere izate guztiaren kontrako eta alderantzizko. Zinismoaren kontra, gozopotoa. Egoera ez da askorik hobetuko ordea.

Lehengo gogoeta-bidera itzulita, duda bat bururatzen zait zinismoaren orokortasuna dela-eta. Batetik, garai hauetako eta mendebalde aberatseko ezaugarria da (ez nonahiko eta noiznahikoa); bestetik, berriz, joera unisex bat ote da, gizon-emakumeak berdin blaitzen dituena, ala batik bat gizonezkoen bereizgarria? Badira zantzuak bigarren aukera honen alde egiteko, eta hipotesi merke moduan bota genezake kulturan gora egin ahala erasokortasun fisikoa lekuz kanpokoa iruditzen zaigun neurrian, haren ordezko intelektuala bihurtzen dela zinismoa. Alabaina, gure gizartearen feminizazioaz asko hitz egiten den arren, zinismoaren erabilera ere goraka doala ematen du, eta emakumeengan gero eta normalagoa dela.

Hurkoarenganako maitasuna, hitzetatik harago doan errespetua, norberaren sakrifizioraino iristen den elkartasuna: horra David ziniko ohiak praktikan jartzen dituen balio zahar-berriak, guk denok ere "bertsio kristauan, marxistan edo bien max-mix hippyan" noizbait sinetsi izan ditugunak. Balio horiek absolututzat hartuz gero, ordea, arazoak sortzen dira eguneroko bizitzan, gure inguru hurbilean; hori gertatzen zaie Hornbyren pertsonaiei ere, eta Katie izango da, emaztea, nolabaiteko konpromiso zentzuzko batera iristen saiatuko dena. Berekoikerian bezala altruismoan ere gizonak muturretatik hurbilago, eroak nahiz heroiak izateko prestago, emakume pragmatikoen aldean.

Orain dela 200 urte erromantizismotik sortutako mito eztiek bizirik diraute gure buru barruko txoko batean, gaur egungo zinismoaren azidotasunarekin nahasturik. Sukaldaritza txinatarrean bezala, saltsa gozo-garratza osatzeko. Bikoiztasun hau oreka berri baten seinale ote den ala dijestio txarra eragingo digun sikulusaltsa, igarleek eta prospektibazaleek antzeman beharko diote; guri, burutazio hauek eragin dizkigu Hornby britainiarraren nobelak; erditik aurrera interesa galtzea huts bat da eta, horrenbestez, ezin esan guztiz biribila denik, baina oro har eleberri ona da, txukun idatzia eta trebeki kontatua; eta horrez gain zer pentsatua ematen duena.

etiketak: Liburu kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.