Prentsa abertzalearen herrenak
"Euskadik abertzale ematen du botoa, baina prentsa espainola erosten du; etorkizunean, prentsa espainola erosten segituko du, eta botoa ere espainola emango du".
Goiko esaldi hori Vocento taldeko arduradunetako batek esan omen zion, orain dela urte dexente, Joseba Egibarri, elkarrizketa erdipubliko batean. Iragarpena osorik bete denik ezin esan, botoari dagokionez, baina prentsaren joerak halaxe jarraitzen du, dudarik gabe.
Orain dela 28 urte Deia eta Egin plazaratu zirenean, apostu eta lehia gogorrak sortu ziren: bat, prentsa abertzale eta espainolistaren artekoa, azken honek irabazi zuena, traineru askoren aldeaz gainera; bestea, egunkari abertzale bien artean, instituzionalista eta hausturazaleen artean bestela esanda, eta prentsari dagokionez enpate amaitu zutela esan liteke; eta hirugarren bat, normalean aipatzen ez dena, elebidun izango omen zen prentsa abertzalearen eta euskal prentsaren artekoa, euskal prentsa guztiz zokoratua utzi zuena (azken auzi honen xehetasunetarako, ikus, adibidez, Aitor Zuberogoitiaren "Bidegorriak hizkuntzentzat" liburua).
El Correo, El Diario Vasco, Diario de Navarra-ri tokia kentzeko saiakera ugari izan da urte hauetan, baina ustel atera dira orain artean, beren nagusitasun osoari eusten baitiote egunkari horiek. Ahalegin berri bat ikusi dugu gaur: Noticias de Gipuzkoa egunkari jaio berria, Juanito Zelaiaren kapitalaz Iruñean sorturiko Diario de Noticias-en umea (lehenago Arabara ere zabaldu zutena). Publizitate-kanpaina gogorra egin dute (Donostian batik bat, probintzian ez da ia sumatu ere egin): "Gela itxi usaina dago Gipuzkoan. Haize freskoa ekartzera gatoz", zioten afixetan. Diario Vascokoak ere ez dira lo egon, eta publizitate-kanpaina erakargarria egin dute, beren gipuzkoartasuna azpimarratuz.
Geroak zer ekarriko duen? Ezin jakin. Gipuzkoarren soziologiaren eta Vocento taldearen ideologiaren artean dagoen ustezko arrakala aprobetxatu nahiko lukete egunkari berrikoek, DVri erosleak kentzeko, baina ez daukate erraza, arlo honetan tradizioak duen indarra ezagututa. Lehen alea ikusmiratzen aritu naiz eta produktu txukuna iruditu zait. Hala ere, euskarari eskaintzen dioten lekua, hutsaren hurrengoa eta iraingarria da. Ikusiko dugu, aurrerantzean nondik nora jotzen duen.
Jakina da euskal probintzietan ematen den eskizofrenia sozial hori, pertzepzio politiko-ideolojiko handiak eta egunero erosten dugun egunkarien mezuen artekoa alegia.
Entzuna da ere, sarri, hemen Aritzek aipatu dituen arrazoi egiazkoak eta ustez inportanteak: eskelak, komiki-tira xalauak eta abar (argumentazio berbera erabiltzen da Bizkaian Correogaz eta Gipuzkoan DVrekin). Jakin badakit tradizioa haustea zaila dela baina eskela ta tira kontu horiek entzuten ditudanean, zera galdetzen diot neure buruari: edo benetako arrazoia beste bat da edo gure herriaren zati handi bat tentela, inozoa eta babua da. Errespetu osoz diot, e? Eta galdera bezala planteatzen dut, ez afirmazio legez. Kontuz.