Hitzaldi inexistenteen antolatzaileak
Zuetako edonork daki zenbat paper jasotzen duen egunean etxeko buzoian: hipermerkatuetako publizitatea, aurrezki-kutxetako kontuak... eta, nire kasuan, hainbat kultur elkarte eta erakundetako berriemaile, berripaper, inprimaki eta bestelako propagandak, banan-banan eta arretaz irakurri gabe erreziklajearen bidea hartzen dutenak gehienak.
Hitzaldi baterako deia jaso nuen orain dela aste batzuk. Halako tokitan, halako ordutan, halako eta halako mintzatuko omen ziren dena delako gaiari buruz. Ohi ez bezala, apuntatu egin nuen, joateko asmotan, hizlari biak ezagutzen eta estimatzen baititut.
Gaia, berriz, nola esango nuke inor iraindu gabe...? Emakumezko bat idazten hasten denean, luze gabe galdetuko diote hitzaldia emateko edo artikulua idazteko "Emakumea eta literatura" gaiari buruz. Emakumezko idazleak bere iritzia emango du, ahal bezain xuxen. Handik hilabete gutxira, mahai-inguru batera deituko dute, gai berberaz mintzatzeko; ongi pentsatua bada, aurreko artikulu harengatik deitu diotela usteko du, gajoak. Handik beste pixka batera, gai berorri buruzko hitz batzuk eskatuko dizkiote komunikabideren batetik, eta gaizki pentsatzen hasiko da, inork ez duela aditu orain arte esan duena eta inori ez zaiola axola.
Apuntatua nuen hitzorduko mahai-inguru horren gaia ere, nola ez, "Emakumea eta literatura" zen. Hizlariak, emakumezko idazleak, gai horri buruz dagoeneko hamaika aldiz idatzi eta mintzatu direnak. Ezer berririk entzuteko gogoz baino gehiago aspaldian ikusi gabeko lagunak agurtzeko asmotan joan behar nuen beraz. Baina, hora: hitzaldi hori ez zen existitzen.
Bertan behera gelditu ote zen? Ezta hori ere: ez hizlari batek ez besteak ez zekiten deus ere; inork ez zien deitu, ez abisatu, ez ezer eskatu. Nik amestu ote nuen deialdiarena? Ezta ere, idazleetako batek konfirmatu baitzidan beste pare bat lagunek ere deitu ziotela hartaz galdezka.
Horra, beraz, markaren marka: hartu gai topiko eta gastatu bat, hartu modakoak izan litezkeen hizlariak, antolatu hitzaldia, eta egin horren propaganda, hizlariei ezerto ere esan gabe. Diru-laguntzaren bat ere jasoko zuten, akaso.
Hori, hori, hemen faltan botatzen dira izenak eta abizenak.