Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Gaur, erdaraz

Gaur, erdaraz

xme 2005/11/08 08:45

Txoko honetan idazten jartzen da bat eta pentsatzen du, nahiz eta mundu osoko pantailetara zabalik egon, lagunarte txiki batentzat ari dela, nolabaiteko intimitatean. Baina azken aldian Berria-n hasi dira "blogteka" izeneko atal batekin eta, gutxien uste duzunean, zuk internauta euskaldunen komunitaterako idatzitakoa, periodikoan ikusten duzu, inprimaturik. Horrek, noski, halako pox bat ematen dizu, ezin ukatu ohore moduko bat dela, baina urduritu ere bai aldi berean, lagun batentzako gutuna hedabideetan zabal argitaratuko balute bezala.

Gaurkoa ez didate Berria-n sartuko: gaur, gaztelaniaz ez baina gaztelaniaren gainean idatziko dut: filologia hispanikoa ere ikasi nuela gogoratuz-edo, arlo horretako ikerketa txiki bat; mikro-ikerketa, hobeto esanda.

Har dezagun droga legalen kontsumoa: alkohola, kafea, zigarroa... Horiek izendatzeko modu asko dago; besteak beste, baita diminutiboak ere; baina, horra bitxikeria: sustantzia horien txikigarriak erabiltzen ditu, normalki, haietarako izugarrizko joera duenak. "Voy a fumar un cigarrito" esaten duenak, gehienetan, ez du egunean bizpahiru erretzen, mordoa baizik. "¿Un cafelito?" galdetzen dizunak (ze hitz gorrotagarria), seinale ez duela hori eguneko lehen kafea, ezta azkena ere. "Nos tomamos unas cervecitas" kontatzen duenak ezingo luke zenbatu zenbat garagardo edan zuen gau horretan.

Ez dakit zuek ere erreparatu diozuen ohitura honi ala nire irudipen hutsa den. Ez dakit beste hizkuntzetan gertatzen den (euskaraz behintzat ez, kalko hutsez ez bada). Ez dakit droga ilegalekin halakorik esaten den. Ez dakit zergatia zein den ere: beharbada, txikigarriaren bitartez garrantzia kendu nahi zaio, inkontzienteki, menpekotasuna sortzen duen gai horri.

Nolanahi dela, espero dut inoiz ez esatea "voy a escribir unos mensajitos por Internet".

etiketak: Saski Naski
Apostata-man
Apostata-man dio:
2005/11/08 12:43

Anjel Lertxundik antzera idatzi zuen Berrian, duela hilabete pare bat.

leire
leire dio:
2005/11/08 15:58

Nik ere gorrotatzen dut "cafelito" berba. Kafetxo bat, tira. Baina cafelito

Euskara ikasten ari den jendearen artean konturatu naiz "kafea hartzera joan" esan beharrean "kafesnea hartzera" esaten dutela. -Zer, gero hartuko dugu kafesnea? Kafea gutxi irudituko ote zaie?

Apostata
Apostata dio:
2005/11/08 14:13

Eta hitzei diminutiboa erdian jartzearena, amaieran jarri beharrean?

-Hola, quería un chandital para mi Osquitar.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/11/08 13:57

Ematen dit joera honen aintzindaria Argiñano izan zela: "Vamos a picar una cebollita y a añadir unos pimientitos..." Eta txikigarriak erabiltzeko joera okagarria bazait, zer esan hitzak mozteko ohituraz: "La guarde(ría), la cuadri(lla), el super(mercado), estoy de vacas (vacaciones)..." Azken ohitura honetaz libratu gara euskaldunok, deklinabideari eskerrak.

xme
xme dio:
2005/11/08 12:50

Egia!

Seguru irakurri nuela gainera. Baina ahaztuta.

Hala ere, esango nuke erdaraz askoz sartuago dagoela joera hori.

matxalde
matxalde dio:
2005/11/09 12:46

Txikitasuna ote, garrantzia kentzeko? -txo baino -ño gehiago ote den nago, gertutasuna txikitasuna baino, goxotasuna, estimuan daukagun zeozer, kafea kikaran hartu edo katiluan.

iruxemia
iruxemia dio:
2005/11/08 22:43

kafelito madrildar eta funtzionariala voy a liarme unos porritos. agurtto.

nahia aldana
nahia aldana dio:
2005/11/10 14:58

Guk beti erabili izan dogu "goazen osteratxu bat egitera" edo "kafetxu bat hartuko dogu?". Niri normala barruntaten jat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.