Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ana Urkiza: “Ongiaren eta gaizkiaren marra finaren harian sentitzen dugu geure burua”

Ana Urkiza: “Ongiaren eta gaizkiaren marra finaren harian sentitzen dugu geure burua”

xme 2005/09/29 07:12

Ana Urkiza (Ondarroa, 1969), pare bat poema-liburu eta haurrentzako hainbat kontakizun kaleratu ondoren, helduentzako bigarren ipuin-bildumarekin dator. “Desira izoztuak” kaleratu zuen 2000n, eta “Bekatuak” besapean hartuta dator orain. Horren inguruan joan gara beregana galdezka.

**“Bekatuak” izeneko liburu bat atera duzu 70 ipuinez osatua. Hainbeste al dira bekatuak? Ala sarri jausten gara berorietan?**

Badago, oro har, gizarteak ontzat hartzen duen bekatuari buruzko definizio orokor bat eta baita bekatuen sailkapen nagusi bat ere, guztiok konpartitzen duguna. Adibidez, hiltzea, bortxatzea, lapurtzea... Bekatu hauek edo legezkoak ez diren jokabide hauek katalogatuta daude eta horietakoren batean eroriz gero, bakoitzari dagokion zigorra ere zehaztuta dago. Bekatu hauek, bada, ez zitzaizkidan interesatzen libururako. Eguneroko bizitzan, ostera, bekatu handi hauetatik aparte ibiltzen gara, eta hala ere, ongiaren eta gaizkiaren marra fin horren harian sentitzen dugu geure burua. Ongi al dago hau ala bestea egitea? Hau ala bestea esatea? Hau ala bestea sentitzea? Legea edo Justizia ez dira egunean zehar hartzen ditugun erabaki guztietan sartzen. Aske gara eguneroko erabaki txiki horiek hartzeko. Baina zer gertatzen da gure kontzientziarekin? Aurreko belaunaldiek bazuten tresna lagungarri bat eta zera zen: damua eta aitorpena. Bekaturen bat egiten bazuten, gerora damutu, aitortu, eta, zegokion zigorra konplitu ondoren, kontzientzia lasaitzen zuten. Gaur egun ez daukagu horrelakorik. Eta zamarekin gelditzen gara. Nork bere moralaren arabera erabakitzen dugu zer den bekatua edo egingarria eta zer ez. Baina guk eta gure bikoteek, guk eta gure seme-alabek, guk eta gure lankideek, guk eta gure lagunek, ingurukoek, bakoitzak ongiaren eta gaizkiaren arteko marra fin hori leku ezberdin batean kokatzen dugu. Niretzako bekatu dena aldamenekoarentzako izan daiteke ez izatea. Eta hortik dator, hain zuzen ere, gaur egungo gizartean pairatzen ari garen sufrimenduaren eta ez ulertuaren zati handi bat... Bekatu berrien katalogo baten aurrean gaude. Bekatuak, beraz, 70 baino gehiago dira. Egunero bizi dugunak etengabe sorrarazten dituela esango nuke. Eta bekatuetan sarri erori baino areago esango nuke, gaur egun, bekatu berrien aurrean nola jokatu ezin asmatuta gabiltzala.

Bekatu denaren eta ez denaren marra mehe hori garbiago ikusten lagundu al dizu liburua idazteak?

Liburua idazterakoan bi helburu izan ditut: lehenengoa, bekatu denaren eta ez denaren artean dagoen marra mugitu egin dela adieraztea. Eta bestetik, lehen bekatutzat hartzen ez ziren hainbat gertakizun, sentimendu, adierazpen, orain, bekatu direla aldarrikatzea. Marra hori are finagoa dela adierazi nahi izan dut. Bekatua zer den eta zer ez definitzerakoan, eta horren arabera jokatzerakoan, are eta sentsibilitate handiagoz jokatu behar dugula. Eta pertsonon sentsibilitate ezberdinen arabera, guretzat bekatu ez direnak, besteentzat badirela. Hemen kokatuko nituzke, adibidez, bikoteen arteko ez ulertuak, edota batak aditzera eman nahi izan eta besteak ulertzen edo aintzat hartzen ez dituenak, eta abar.

Harrokeria, mendekua, desleialtasuna, inbidia, itxurakeria... horrelako ataletan daude banatuta ipuinak. Moisesen dekalogotik abiatu zara, ala nondik nora egin duzu sailkapena?

Abiapuntua, edozein entziklopediatan aurki daitekeen bekatuari buruzko definiziotik egin nuen. Hau da, Zazpi Bekatu Kapitaletatik. Horietara jotzeko, noski, lehenengo neure barruari eta intuizioari begiratu nion. Konbentzituta nengoen, Zazpi Bekatu Kapitaletan ez zirela nik buruan neuzkan bekatuak islatuko. Eta halaxe izan zen. Orduan, buruan neuzkanak zerrendatu eta Zazpi Bekatu Kapitalekin alderatu nituen. Hasieran, bi atal nagusi egituratu nituen: bekatu direnak eta ez direnak. Arestian aipatutako lehen helburuari erantzuten ahalegindu nintzen. Hau da, bekatu denaren eta ez denaren arteko marra mugitu egin dela aditzera ematea. Baina gero, hasieran egindako sailkapena aintzat hartzea deliberatu nuen, eta irakurlearen esku uztea, bere ustez, liburu honetan eta sailkapen bakoitzaren barruan agertzen diren kasuak, bekatuak diren edo ez.

Irakurlea istorioaren muina debatitzera bideratu

Eguneroko bizitza ageri da sarri ipuin hautan: bikoteen konponezinak, miseria txikiak... hori al da bekatuen alor emankorrena?

Horiek dira, nire ustez, bekatutzat ez ditugun egoerak eta kontzientziari min handiena egiten diotenak. Eta gainera, aitortu gabe eta, beraz, garbitu gabe gelditzen direnak.

Zuk zeuk, zein bekatu barkatzen duzu errazen? Eta zein iruditzen zaizu barkaezina?

Ez naiz batere erresumindua eta, beraz, barkamena eskatzen bazait, edozer gauza barkatzeko gai naiz. Bestearen aldetik borondate ona ikusten badut, ez zait batere kostatzen barkatzea. Borondaterik ikusten ez badut, ostera, ez naiz gorrotoarekin gelditzen, baina bai minarekin. Eta konbentzituta nago, gaur egungo gizartearen zauri gehienak (barkatzen ez direlako edo barkemenik eskatzen ez delako), barkatu gabe gelditzen diren min hauetatik datozela. Bekaturik barkaezinenak, nire ustez, harrokeria, mespretxua eta errespetu falta dira. Gure inguruarekiko errespetu faltaz jokatzea, lagun artean, lanean zein etxean ingurukoak zapaltzea, eta besteen askatasunaren gainetik aritzea dira larritzat jotzen ditudan jokaerak.

Ipuin labur-laburrak sortu dituzu, istorioaren muinera joz. Dilema moralak bere biluzian erakustea ala zein izan da arrazoia?

Nire helburua ez da izan istorio handiak kontatzea, txikiak baizik. Istorio oso irekiak eta ebidenteak direla esango nuke, hain zuzen ere, irakurlea, istorioaren muina debatitzera bideratu nahi izan dudalako. Istorio biluzietan erraz sartu eta gustura sentitu dadin nahi izan dut. Forma aldetik zailtasun oro ekidin, hain konplexua dugun gure barrura bidaia egin ahal izan dezan eta hor murgil dadin.

Zalantzei erantzuteko, nire barrua ezagutzeko

"Desira izoztuak" izan zen zure lehenengo ipuin-bilduma; handik hona zer dago: segida natural bat, eboluzioa, bi obra desberdin dira...?

Bi ipuin bildumak bulkada antzeko batetik sortu direla esango nuke. Desira izoztuak liburuaren kasuan, neure buruari nituen desirei buruz galdetzetik sortu zen. "Bekatuak"en kasuan ere, neure buruari bekatua zer den eta zer ez den galdetzetik abiatu naiz. Eta galdera horiei erantzuteko, sailkapen baten beharra sentitu dut. Planteatzen zaizkidan zalantzei erantzuteko, erantzunekin ikasteko, nire barrua ezagutzeko eta kontzientzia lasaitzeko dudan beharrari erantzuteko formula dela esango nuke. Ezberdintasuna zera litzateke: "Desira izoztuak" liburuko ipuinak unibertsalagotzat ditudala, hau da, publiko osoak bere horretan ulertzekoak, eta "Bekatuak" liburua, ostera, partikularragoa dela, abiapuntutik bertatik, 70 bekatu horiek aukeratuak, sailkatuak eta interpretatuak izan direlako, eta beraz, irakurleari ere, nork bere interpretazioa eskatzeko edo egiteko aukera ematen diolako. Irakurle batzuek gustura irakurriko dituzte ipuinok, beren eguneroko bizitzako miseriak hor islatuta ikusiko dituztelako, eta beste batzuek, ostera, huskeriatzat hartuko dituzte, hain zuzen ere, bekatuaren marra fin horren beste aldean kokatzen direlako. Azken hauei marraren finaz ohartaraztea litzateke nire nahia.

Helduentzako narratiba, olerkia eta haurrentzako kontakizunak tartekatu dituzu aspaldi honetan; zer ematen dizu bakoitzak? Eta zer egiteko asmoa duzu hurrena?

Helduentzako narratibak, niretzako, amankomunean jartzea suposatzen du. Nire zalantzak eta aurkikuntzak konpartitzea. Komunikazioa bilatzen du. Olerkiak, nire barruko egiak kontatzea suposatzen du. Biluztea. Esatea. Aitortzea. Aldarrikatzea. Nia identifikatzea eta indartzea. Haurrentzako idazteak, ostera, zoriona suposatzen du. Jolas egitea. Egunero egin beharko genukeen ariketa bat egitea. Barruan daramagun umea berreskuratzea. Esku artean daukadan hurrengo lana, haur eta gazteei zuzendutako poema liburu bat da. Gure hiriko elementuak deskribatzeko proposamen edo begirada ezberdin bat izan nahi du. Gure inguruko elementurik txikienez ere gozatzeko aukera irekitzea du helburu. Gauza txikien aurrean arnasa hartu eta izadiaren aurrean dugun presentziaz kontzientzia hartzeko gonbita luzatzea.

etiketak: Editore lanak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.