Nazioarteko Egunak
Badut nik lagun eta lankide bat, pertsona onaren dohain guztiak dituena eta, begira jarriz gero, zuzentasun politikoaren arau guztiak beteko lituzkeena. Solamente, ez zaiola gustatzen inork zer egin behar duen agintzea, eta, zerbait derrigorrezko bihurtzen denean, kontra egitea gustatzen zaiola.
Adibide polita, Nazioarteko Egunekin gertatzen zaiona. Garraio publikoa erabiliz etortzen da egunero lanera, horretarako denbora puska bat galtzen duen arren, aldrebes samar paraturik baitago gure lantokia. Baina, iritsi da "kotxerik gabeko eguna", eta gure lagun hau bere autoan etorri behar. Normalean erretzen ez badu ere, asmatuko duzue noiz ibiltzen den zigarroa dariola, ezta? Jakina: Tabakoaren Kontrako Nazioarteko Egunean.
Adarra jotzeko ere ez digu aitzakia gutxi ematen gure lagun honek. Gaur, esate baterako, jakin dugu larunbatean ospatzekoa dela Hegaztien Nazioarteko Eguna. Eta, zer egingo du orduan berez naturazalea, txori-maitea, ekologista, kontserbazionista eta sursunkorda denak? "Eskopeta utziko diat", esan dio lankideetako batek. "Likarik nahi al duk, txoriak harrapatzeko", beste batek. "Txardango bat egin beharko duk bestela..."
Libertarioak ere ez daudela kontraesanetatik libre...