Oroimena kalitatearen neurgailu
Kointzidentzia izan da, gogoeta bera bi lekutan topatzea, egun gutxitan.
Lagun literaturazale batekin ari nintzen, beste idazle baten ipuin liburuaz. Ni defentsan eta hura erasoan. Eta kritikarako arrazoi hau bota zidan: "Ipuin bat irakurri, balekotzat jo, eta biharamunean akordatu ere ez haiz egiten zertaz zen. Seinale, ipuina ez zela ona".
Handik gutxira, Donostiako Zinemaldiko epaimahaiak bere erabakia jakinarazi ostean, sari nagusia eraman zuen "Stesti" filma kritikatuz, iruzkin hauxe irakurri nuen nonbaiten: "Larunbatean epaia eman zutenean, gogoratu ere ez asteartean ikusitako pelikula harekin. Beraz, ezin ona izan".
Hala ote? Ez da gogoeta okerra berez: egia da asko gustatzen zaizkigun film, liburu, margolanak gogoan geratu ohi zaizkigula; egia, halaber, momentuan gustatuta ere lanbroaren gisa akordutik desegiten direnak modaren ondoriozko lan txatxu eta denbora-pasakoak izan litezkeela.
Baina ez da kalitatea zerbait gogoan atxikitzeko faktore bakarra: bereziki txar eta higuingarriak iruditu zaizkigunak ere nekez ahazten ditugu. Gure aiurri edo izaerarekin bat datozenak errazago txertatzen dira oroimenean, kalitatez horren nabarmenak ez izan arren. Bestalde, gaztetan entzundako musikak, ikusitako filmek, irakurritako liburuek inpresio sakonagoa eta iraunkorragoa egin ohi digute, gure sentiberatasuna birjinago eta malguagoa delako edo. Hortik datorke, gure gazte garaiko arte-lanei diegun jaiera berezia, nik 70eko hamarkadakoei bezala.
Gogoangarritasuna, beraz, kontuan hartzeko irizpidea litzateke, baina baita kontuz hartzekoa ere.
Nik uste det gauza berriak geratzen zaizkigula ondoen gogoan. Ezagutzen ez genituenak. Ezustean harrapatzen gaituztenak, onak zein txarrak.
Gehien gehienetan mezua ezagutzen genuen bukaeran, ez gaitu ezustean harrapatu, baina garraioa bera, ipuia, filmea... Oso atsegina egin zaigu, eta bai, oso ona izan daiteke ipui, filme edo dana dalako hori. Bereziki gogoratu ez arren.
Gaur egun daukagun kultura zabalarekin, zerk harritzen gaitu? Derrigorrez gauza gutxik.
Xabierren lumak, eta...