Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Aldeano azkarrena

Aldeano azkarrena

xme 2005/09/24 10:27

Zinemaldia amaitzeko Roger Donaldson zeelandaberritarraren "The world's fastest Indian" (Munduko Indian azkarrena) eskaini dute, lehiaketatik kanpo: abiadura-marka bat hautsi nahi duen xahar baten epopeia antzekoa, zapatu arratsaldeko telebistarako maila ozta-ozta ematen duena, eta bere burua aintzat duen zinemaldi batean lekurik beharko ez lukeena, inondik ere.

Burt Munro benetan existitu omen zen: Zeelanda Berriko herri txiki bateko pertsona xaloa, abiadurarekin txoratua, eta bere moto xaharra (Indian bat) konpondu eta moldatu jardun zuena urte luzez, ahalik eta makinarik lasterrena bihurtzeko. Anthony Hopkins ospetsuak gorpuzten duen motozalea AEBra abiatzen da 1960 aldera, hantxe baitago, Utah-ko gatz-laku lehortu batean, errekorra egiteko aukera egokiena.

Filmaren osagai nagusia, Burt jatorra Kaliforniara iritsi eta amerikarrekin dituen topaketak dira: aldeanoa modernoen artean. Crocodrile Dundee datorkigu berehala gogora, edo, erreferentzia hispanoa nahiago baduzue, Paco Martinez Soria. Txisteak, merkeak benetan; jendea, ez sinesteraino zintzoa. Eta gozo-poto horrekin guztiarekin, ikusleak sutan amaitzen du.

Izan ere, zinema berritzailea egin nahi duten egileekin ausartzea ondo dago, horretarako dira jaialdiak eta horregatik barkatzen duzu film arraro eta ulergaitzak ikustea; baina Hollywoodeko film komertzial benetan kaxkar, eskas eta aspergarri bat izatea itxierarako aukeratu dena, lotsagarria da; Anthony Hopkinsi Donostia saria eman behar baliote tira: iaz Jeff Bridges eta Annette Bening-i eman zieten, eta bien azken filmak ikusi genituen, hau baino mila aldiz txukunagoak. Baina aitzakia hori ere ez dago!

Ez dakit gure zinemaldiko arduradunek aldeano azkarrarena egin nahi izan duten, Kalifornia aldean ziria sartu dieten edo zer. Dena dela, hobe ahaztea.

etiketak: zinema
lander garro
lander garro dio:
2005/09/29 21:22

Berez istorioa ez da hain txarra (begiratu www.indianmotorbikes.com/features/munro/index.htm helbidean). Kontua da Holliwood-eko zinema estiloan kontatu dutela, Munroren bizitza karikatura huts bilakatu arte: alprojak. Espezialistak dira anglosajoiak ukitzen duten urrea gortz bilakatzen. Edonola ere, tamalgarriagoa da Mikel Insaustik Gara-n egindako kritika (noizko kritikariaren lanari kritika? Egurra jasoko lukete!!).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.