Udako postalak (IV)
Asteartea, uztailak 5
Balentintxo bihotzekoa (I)
Bizkaiari santu bat emateko joan zinen misiolari; txinoak kristautzen edo ibili zinen, eta Vietnam alde horretan bihurtu zinen martiri (amerikarren aurrekari); igo zinen aldareetara, gure Joan Pauloren eskutik, eta egin zintuzten, azkenean, bizkaitarron patroi. Ez zu bakarrik, ordea, Inaxiorekin baizik. Giputzak beti bazterrak nahasten, zer esanik ez jesuitak badira. Azpeitiarraren itzal baltza luzea da oraindik baina, zure omenez egin zen jai atzo jaurerri osoan, eta eskertuko zizun behargin batek baino gehiagok.
Maitasun mugabakoz, zure amak.
Asteazkena, uztailak 6
Balentintxo bihotzekoa (eta II)
Misioetatik bidalitako eskutitzetan esaten zenidan gure euskara xahar honek ez zuela inorako balio eta erdaraz ikasi behar nuela, zeruan gaztelaniaz egitearren, aingeruekin-eta, amabirjinarekin-eta Eta orain dudatan nago: zeruan zelan egingo den jakin ez-eta, lurrean behintzat gero eta gaitzago euskaraz egiten. Bertakoek gogo gutxi, eta kanpotik datozenek zer ikasiko dute? Bazter guztietatik datoz gainera: indioak-eta, beltzak-eta Abaderik ez diegu bidaltzen-eta, hona etorri behar dotrina ikastera. Gutxi harritu eurak ipintzen badira misiolari.
Eta zeruan txinoz egin beharko bagenu, aingeruekin-eta?
Zure amak.
Osteguna, uztailak 7
Ernest gorrotatua:
Etorri bazinen, etorri zinen: zu aipatzen eta aupatzen zaituzte orain gida orotan, baita Sebastian gotzainaren sermoian ere. Mozkor, andrazale, parrandero, gorrien zale, euskaldunen lagun eta gainera suizida izan zinela ahaztuta. Baina, turismorako amu ona zarela-eta, San Fermingway bihurtu zaituzte azkenean.
Eta ni, berriz, leienda hutsa omen naiz, mitoa, kondaira Zuk asmatutako ipuina egingo naute noizbait martxa honetan.
Fermin Deuna
Ostirala, uztailak 8
Sagardui jauna:
Goi Ikuskaritza Nagusi honen jakinera iritsi da zer-eta hogeita bost urte daramatzazula Estatu txit eskuzabalaren kontura bizitzen, mantenu osoko ostatuan, horren barne direla jan-edana, lotokia eta aisialdia. Zornotza bezalako toki ospel baten ordez gure nazio eder honetako bazter eguzkitsuak ezagutuz, hala nola Palma, Sevilla, Granada, Puerto de Santa Maria eta orain Jaen. Horrelakoxe zaldun gizabidetsuak gara Espainian, baina gehitxo ote den ere pentsatu dugu, eta etxera itzultzeko garaia iritsi zaizula, alferrontzi hori.
Ea ez zaitugun berriz ikusten,
Jaulier Gorena