Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Idazle bat ezagutu aurretik

Idazle bat ezagutu aurretik

xme 2005/07/07 08:00

Idazleak ez dira, batez beste, batez besteko hiritarrak baino zintzoago edo gaiztoagoak. Esan liteke, dena dela, jende gehiena baino interesgarriagoak izaten direla, oro har: jantzixeagoak, irudimen handiagokoak, hizketarako dohaina ere bai batzuetan... Hala ere, aho batez esan ohi da, idazle mirestu bat miresten jarraitu nahi duenak hobe duela idazle hori ez ezagutzea.

Ni ez naiz, izatez, batere mitomanoa, idolatra, fetitxista. Ez dut idazleen argazkirik, sinadurarik, oroigarririk gordetzen. Baina ezagutu bai, mordoxka ezagutu dut, lanbidez, eta horietako batzuk ezagutu izana nire bizitzako altxorrean daukat gordea. Idazle onak ez ezik, pertsona maitagarriak deskubritu ditudalako.

Gaur ezagutuko dut estimutan dudan idazle bat, Gustavo Martin Garzo espainiarra. Eta, badaezpada, aurretik idazten dut, liburu bidezko estimazio hori lausotu edo haragitu aurretik.

Valladolidtarra da Martin Garzo, eta, harrigarria dena, Valladoliden bizitzen jarraitzen duena. Gauza jakina da idazle-karrera egin nahi duen idazlegaiak hiriburura jo behar duela, dela Madril, dela Paris, Bartzelona edo Berlin, han dagoelako mugimendua, han saltsa, han lan-eskariak eta afari-askariak, han harremanak eta azpiegiturak. Beste guztia "probintziak" dira, mespretxu-aire batez esan ohi duten moduan.

Valladoliden geratzeaz gainera, azpimarragarria da ez dudala komunikabideetan ikusi ohi: ez irrati-tertuliarik, ez egunkari-zutaberik, ez telebistako elkarrizketarik, nik dakidala behintzat. Inportanteena, baina, obra da, eta horretan lan miragarria egin duela esango nuke. Idazkera dotore baina gardena du, izenondo aproposa bere toki juxtuan sartzen duena; delikatua eta sentibera da gaietan eta haien tratamenduan, mugara iristeraino; kursiaren eta sublimearen arteko muga marra estu eta mehea da, baina Martin Garzo alde egokian gelditzen dela uste dut nik, bere gustu onari eskerrak; horrez gain, sentimendu onak erakusten eta aldarrikatzen ditu, literaturan eta bizitzan oso modan ez dagoen ezaugarria.

Horraino liburuetatik ezagutzen dudana. Eta aurrez aurre? Gaur jakingo dut zertxobait bederen, baina neuretzat gordeko dut, badaezpada ere.

etiketak: Saski Naski
Patxi
Patxi dio:
2005/07/08 04:51

Nik mitomano izateari utzi nion, hamar bat urterekin, Egan taldekoen ondora jun eta kasorik txikiena ere egin ez zidaten egunean (nexka gaztez inguratuta nengoela ez nion erreparatu egun hartan, gizarajoa)

Baina primeran etorri zitzaidan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.