Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Iran

Iran

xme 2005/07/05 08:00

Aspaldidanik pizten dit jakin-mina Iranek. Ez dut ezagutzen, ez naiz inoiz izan. Baina badu bere misterioa. Asiako inguru horretan ibili izan diren bidaiariek aho batez goratu ohi dute bertakoen jendetasuna, errespetua, laguntzarako prestasuna. Irakurri, esaterako, "Ekialdeko mamuak", Jon Arretxerena, edo "Txirringaren aienean", Amaia Elosegi eta Esther Mugertzarena.

Iranek pizten didan interes honetan zerikusia izango du halaber zinemak. Arlo honetan ez naiz jakintsua eta zuzendarien izenak galdetzen hasiz gero Kiarostami besterik ez datorkit gogora, baina dozena bat zinegileren lanak ikusiko nituen urte hauetan, eta beti iruditu zait txundigarria haien maisutasuna, batetik, baina baita haien samurtasuna ere, jendearen xalotasuna edo.

Hori litzateke alderdi politena. Baina herrialdeak badu bere alde erantzia. Teokrazia, askatasun falta, emakumeak itzalean egon beharra... Horiek denak nabarmen erakutsi izan dizkigute komunikabideek, baita handik igarotako jendeak ere, baina ez bertako zinemak, noski, zentsura hor dagoelako. Kritika xumeak bai, baina ezin auzitan jarri agintearen sistema, ideologia, hierarkia.

Literatura ere bide aberatsa izan ohi da herrialde bat ezagutzeko, baina tamalez ez dut ia ezer ezagutzen bertako idazleek idatzitakorik. Azar Nafisi irakasleak idatzitako "Reading Lolita in Tehran" salbuespena. Egunotan nabil V.S. Naipaul-en "En los límites del Islam" irakurtzen, non arabiarrak izan gabe islamdar bilakatu diren herrialdeak arakatzen dituen: Iran, Pakistan, Malaysia, Indonesia.

Dena dela, liburuon irakurketatik ateratako ondorioekin ezin ase. Inpresioa daukazu itogarria dela botere erlijiosoak jendearen bizitzan daukan kontrola eta eragina, eta hortik libratu nahian dabiltzala. Bego. Hala ere, gero hauteskundeak datoz eta Mahmud Ahmadinejad aukeratu dute lehendakari, hautagai ultrakontserbadorea, gehiengo garbiz gainera. Eta zeure buruari galdetzen diozu daturen bat oker eman ote dizuten. Hipotesiak bota nitzake, Iranen iraultzaz geroztik gertatu diren gorabehera historikoak aztertu, baina beti ibiliko naiz entzun eta irakurritakotik, hangoen hezur-haragizko bizipen eta irriken berri zuzenik gabe. Misterioa izaten segitu du gerora ere Iranek.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.