Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Aulkiaren gainean, aulkiaren azpian

Aulkiaren gainean, aulkiaren azpian

xme 2005/05/31 08:26

Bertsolari aldizkariaren azken aleak "Bertsolariak eta musika: mugarik ba ote?" du izenburua, eta bertan Pako Aristik musikarekin harremanen bat duten edo izan duten hamalau bertsolari elkarrizketatzen ditu; Amuriza, Sarasua, Maia, Egaña eta abar, gehi Josu Zabala musikaria.

Hurrengoan esango dut beharbada zer edo zer aldizkari horretaz, gaur aitzakia hartu nahi dut musika-talde bati buruz hitz egiteko, edo artistak har ditzakeen bi jarrerari buruz, aurreko batzuetako gaiari jarraipena emanez. Karidadeko Benta da talde hori, Jon Maiarena, azken urteetako berrikuntza fresko eta gustagarrienetakoa. Ez dakit revival garaia bizi dugun ala nire karrozatasun ezkutaezinari egotzi behar zaion Bentakoen bolero, cha-cha-cha, tango eta bestelakoekiko zaletasuna; kontuak kontu, musika dibertigarri eta inteligentea egiten dute, ez baita gutxi gure panorama kaxkarrean.

Diskoan bakarrik ez, zuzenean dira ikustekoak Karidadekoak. Eta hor bi izen, nabarmentzeko. Bata, bistakoa denez, Jon Maia. Maiaren taldea deitu diot arestian. Bera baita aurpegia ematen duena, hitzen egilea, kantaria, abestien sarreratxoak egiten dituena eta baita show-mana ere, zentzurik onenean esanda. Bigarrena, Jon Mantzisidor, "Mantxi". Nor den hau galdetuko du baten batek. Ba, taldearen musika guztiak sortu ohi dituena. Taldearen arima beraz, baxua eta lautea izan litekeen harizko tramankulu bat jotzeaz gain. Horrez gainera, artista plastiko harrigarria da, baina hori gaurko jardunetik aparte utziko dugu.

Jon Maia mutil handia da izatez; nortasun handia du bestalde, eta erraz betetzen du oholtza bere presentziaz; hori dena gutxi balitz, ohitura izaten du, kantaldietan, aulki baten gainean zutik jarri eta handik kantatzeko, plaza eta plazako jendea mendean balitu bezala. Mantxi, berriz, aulki batean eserita egoten da; gitarra-jolea eserita egotea ohikoa da flamenko-taldeetan, jazz musikari batzuengan ere ez da harrigarria, baina pop talde batean arraroa egiten da. Karidadekoen artean, bera da eserita aritzen den bakarra, publikoari keinurik egin gabe, bafleen artean erdi ezkutuan.

Maiaren jarrerak ez du deus kritikatzekorik: kantari batek derrigor behar du exhibiziorako joera, harro-punttu bat ere bai esango nuke; Mantxiren estiloa balute denek, akabo zuzeneko musikaren xarma. Eta hala ere, deigarria egiten zait nabarmendu gabe nabarmentzen den mutil hori, aulki apalean apal eserita musikaren hariak zuzentzen dituena.

etiketak: Saski Naski
JJ
JJ dio:
2005/06/06 13:24

Denbora eta distantzia tartean utzita hobeto ikusten omen dira gauzak.

Egun batzuk geroago, mezu-zerrenda osoa berrirakurri dut. Benetan konbentzituta nago bertsolarien lan extrak oso errez kritikatzen direla eta ez adibidez, idazleenak.

Demagun, ni ere ados egonik bertsolariak ez direla kantaririk onenak (hori argi dagoela uste dut), Atxaga irakurle agoantaezina dela diodala. Edo Sarrionaindiak hobe zuela bikoizle bat kontratatu "Hau da nere ondasun guztia" grabatzeko. Hemen bid eezberdinetan saiatzen denari oso errez ematen zaio egurra. Noski bere lana plazaratzen duen edonork krritikak entzuteko prest egon behar duela, baina niri ere agoantaezina dela esatea gehiegi iruditzen zait.

Eta... etengabe zitak aipatuz idazten dutenak pedante hutsak direla esango banu? Edo esaldi-lapurrak, aprobetxategiak, ... eta zergatik ez, statusa adierazi asmoz egiten dutela?

Maiaren diska gustatzen ez zaionak ez dezala entzun eta kito. Nik gustatzen zaizkidan diskak entzuten ditut.

JJ
JJ dio:
2005/05/31 12:14

Ez dute musika egiten, kantatu egiten dute. Hobeto edo okerrago, baina kantatu. Niri Sarasuatarren diska asko gustatu zitzaidan, eta baita 7 eskalerenak ere.

Zer da euskal letretan jende askori jasanezina egiten zaiona: benetan ondokoak egiten duena ala ondokoaren arrakasta?

Luistxo
Luistxo dio:
2005/05/31 10:56

Maia, musika egitea okurritu zaien beste bertsolariak bezala (Egaña, Sarasuatarrak, Euskitze), aguantaezina iruditzen zait.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2005/06/03 13:49

Euskitze kantuan Djangoren epigono bat begitantzen jat, baina horrek ez dau esan gure Django txarra danik

Patxi
Patxi dio:
2005/06/03 04:13

Jozu laguna:

"zeinetan apenas ezer egin baituen ahotsa jartzeaz aparte"

Iruditzen zait, diskoa ateratzen duen edonork, ez duela lan hori hartzen tramite huts gisa. Artista saiatu egingo da lan hori ahalik eta ondoen atera dadin. Bihotz guztia ipiniko du lan horretan. Hala iruditzen zait.

Artea, originaltasuna, birtuosismoa... Helburu hauek lor litzakete artista batzuk, baina batere gustagarriak izan ez. Eta alderantziz, izan zaitezke guztiz erdipurdiko, baina "zerbait" izan, askorentzako, edo batzurentzako behintzat, oso gustagarria.

Jozulin bera adibidez. (Barkatuko al dit Patxi Gaztelumendik blogari bati peloteo pixkabat egitea. (bueno, beti garbi nezake nere pekatua autokritika eginez, aurrerago...). Ez zait iruditzen bere bloga artea danik, bereziki originala danik, Jozulin hitzak harilkatzen birtuosoa danik, baina "trapper" jaunari ilusio haundia egiten dio sarean mezu bat uzten duenean, eta oso gustokoa du. Gogoenetarikoa blogosferan.

Demagun orain mezu bat jasotzen duela Jozulinek, zera esanez:

"Zaborra idazten dezu, jasanezina zera."

Beharbada zure blogaz ari da lagun hori baina...

Batez ere gure Euskal-Herri txiki honetan. Tamainak badu bere garrantzia. Kontsumitzaileak miloika direnean, ez diote hainbeste inportik artistari halako adierazpenek, gehiengoa izanda ere, beste muturrekoak asko izango dituelako. Arrakasta exkaxa badu ere artista horrek, milaka gutxi batzuk animoak emanez nahikoa dira segitzeko gogoari eusteko.

Hemen berriz, gure txikitasunean, oso eritzi gutxi jasotzen ditu artistak, eta eritzi txar "gaizto" bakoitzak aparteko pisua izan dezake, eta artista asko desmotibatu. Nik irudipen hori daukat behintzat.

Xabierren "Zabor menestraren kontra" mezuan bi mezu utzi zituen Peruri eskerrak ematea ahaztuta nengoen, Cortazarren testu mundial hori erakusteagatik.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/06/02 21:36

Ia-ia komentzitu nauzu. Arrazoiaren zati bat duzula ez dizut ukatuko, baina nik ez dut esan inor aguantaezina denik, baizik eta bere diskoa(k), zeinetan apenas ezer egin baituen ahotsa jartzeaz aparte. Sardák zaborra egiten duela esatea ez baita Sardári berari "zaborra zara" esatea. Bestalde, niri jazza ikaragarri gustatzen zait eta ez dakizu zenbat jendek esan didan ezin dutela jasan. Jasan egin behar hori ere.

Osasuna, Trapper!

Patxi
Patxi dio:
2005/06/01 13:25

Nere aitonak esaten zuen, ezer atseginik ez bazenuen esateko, hobe zenuela isiltzea. Ez nago ados nere aitonarekin. Bere lana erakusten duen hari, egin diezaiokezu kritika. Zertan hobe dezakeen esan. Baina errespetoari ostiko bat ematea iruditzen zait esatea inori agoantaezina danik. Gauzak esateko eta esateko moduak, momentuak eta tokiak daude. Luistxori, eta Jozulini galdetuko nieke, ea Jon Maia aurrean balute, esango al lioketen hori. "Jon, benetan, agoantaezina zara"

Bestalde, gauza nabaria da bertsolariak ez direla kantaririk onenak. Lola Flores ere ez zan kantaria, ez zan dantzaria, baina bazuen zerbait, berezia, bakarra. Asko askorentzat oso gustokoa. Danok daukagu zer erakutsia, bildurra garaituta, erakusteko nahia sentitu ezkero, eta pena litzake sekula elitea izango ez diren artista edo pertsona guzti hoiek ez ezagutzea.

"Ehun aldiz agur" abestia Jon Maiarekin lotuko det beti nik, eta beti eskertuko diot Joni kantu hau erakutsi izana. Hau bereziki, baina baita beste guztiak ere, gehiago, gutxiago, edo batere ez gustatu arren.

MM
MM dio:
2005/05/31 22:35

Keba, Keba; bertsolari trebea izango da Maia, baina, benetan txarra iruditzen zait kantuan. Nire ustez, ez du ahotsik, ozta-ozta iristen da musiak notek eskatzen dioten doinuetara; ez, ez da iristen. Desafinatu eta dena egiten duela esango nuke. Niri hala iruditzen zait, behintzat.

Sarasuatarrek ere hobeto egiten zuten bertsotan kantuan baino.

Kontu diferentea da parrandan edozer entzuteko gertu ibiltzen garela.

Ematen du bertsolariei denerako zilegitasuna ematen diozuela.

Zerorrek asmatutako menestra berduraren teoria etorri zait gogora, Xabier.

Ondo esanak ondo hartu eta gaizki esanak barkatu.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/05/31 15:42

Bertsolariek ez dute musika egiten, kantatu egiten dute. Ados egon naiteke. Karidadeko Bentaren diskoak apenas entzun ditudan. Entzundakoa, behintzat, musika zuriegia, europarregia da neure gustuetarako. Sarasuatarren diskoa gustatu zitzaidan eta inoiz entzuten dut. 7 eskalerenak disko onak izango lirateke kantariek ez balute (hain sarri eta hainbeste) desafinatuko, Josu Zabala abesti konposatzaile trebea baita. Euskitzerenaz eta Egañarenaz, zer esan? Jasanezinak, nire belarrietarako sikieran.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/06/03 21:56

Aupa Patxi,

Bihoa aurretik Euzkitze eta Egañaren aurka ez dudala ezer eta benetan miresten ditudala bertsolari eta iritzi artikulugile moduan Andoni eta aurkezle, bertsolari eta esatari bezala Xabier. Bien diskoak egin ziren entzule mota bat asetzeko eta abestien konponketa, instrumentazio eta, orokorrean, produkzioaz ez dut uste ardurarik izan zutenik ez batak eta ez besteak. Agian arrazoia duzu neurri kontua aipatzen duzunean eta bigunago jokatu beharko genuke ingurukoekin. Nahiz eta, demagun, Ricky Martin-i makarra nazkante deitu, kontu handiagoz ibili beharko genuke “gutarren” artean. Nire lagun batek esaten duenez: “Un colega es un colega aunque no tenga la razón”. Jarraitzeko eta peloteoa dirudien arren (boing, boing), barne barnetik eskertu behar dizut zabar hitz egin nuela esatea. Amaitzeko, jakina, onartu behar dut neure idatziak baten bati ezdeusak, sinpleak eta ez dakit zenbat gauza gehiago iruditzea, izatez, neuri ere hala iruditzen zaizkit eta. Baina esatea ez naizela birtuoso bat... bueno, hori kalean esango didazu! ;-)

  1. esker, Txapi. 1000 esker xme, ezta/baida hau ostatatzeagatik.

A, eta Django jazz tronpeta jotzailea ere bada, eta ez du txarto jotzen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.