Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Justxenkok Europari bai

Justxenkok Europari bai

xme 2005/05/30 10:23

Orain hamar bat egun Eurovision jaialdia eman zuten telebistaz, Kiev-etik zuzenean. Ez nintzen ikusleen artean baina, kontatu didatenez, palko batean Ukrainako lehendakaria bera zegoen, Justxenko jauna, iraultza laranjari eta bere pozoiketari esker aski fama lortu zuena orain dela hilabete batzuk, mundu osoan.

Lehendakaria ikusle izatea ez da apartekoa, baina bai irabazleari (Greziakoa nonbait) saria berak ematea. Nik behintzat ez dut halakorik gogoan, Eurovision ikustea ia ezinbestekoa zen nire haurtzaro hartan. Haurtzaro hartara itzulita, Francoren menpeko Espainian amets bat zen Europa, eta orduan "mercado común" deitzen zitzaion hartan sartzerik ez bazegoen, gutxienez Eurovision-en parte hartzea gauza handia zen. Pentsatzekoa da, eta gurasokeriarik gabe diot, antzeko sentipena izango dutela ukrainarrek, eta sentipen horrekin bat egin nahiko duela Justxenkok, Janukovitx aurkariareriko lehian Europazaletasuna izan baitzen bere ikurretako bat.

Ukrainak ez dauka oraingoz Europako Batasunean sartzerik, baina erreferenduma egiterik balute ez daukat dudarik baiezkoak irabaziko lukeela, pobreziatik ateratzeko bidetzat ikusten baita mendebaldeko Europa. Mendebaldeko Europan, berriz, halako ilusiorik ez. Arrazoi berberagatik beharbada: errumaniarrak, eslovakiarrak, turkiarrak gure golf-klubean sartzen badira, zertan geratuko da gure esklusibotasuna? Zarpajario narras horiekin partekatu behar ote ditut klubeko aldagela eta dutxak?

Atzo bertan Frantzian ezezkoak irabazi zuen Europako Itun berriari buruzko erreferenduma; Ipar Euskal Herrian, berriz, baiezkoak doi-doi. Hego Euskal Herrian erreferendum-kanpaina izan genuenean entzun nuen argudioetako bat hau zen: Euskadin ezezkoa ateratzen bazen, Europan ez gintuztela begi onez ikusiko, gure europartasuna edo europazaletasuna bederen zalantzan geratuko zela. Gauzek hartu duten martxa ikusita, eta Herbeheretan aurreikusten den emaitza gogoan, paradoxa hau nabarmentzen da: "primerako" europarrek erdeinuz edo mesfidantzaz begiratzen diotela batasunari, eta europar pobreek dutela interesik handiena europar agertzeko.

Eurovisionen ere, azken sailkatuak Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua izan omen ziren.

etiketak: Saski Naski
Jon
Jon dio:
2005/05/30 13:00

Niri ere patetiko samarra iruditu izan zait beti Ibarretxe "Europatik kanpo hotz handia eta haize handiagoa egiten du", behin esanda, tira, konparazio ona-edo izan liteke, baina bizpahiru aldiz errepikatuta desgastatu egiten da. Eta ez dut zalantzarik Norvegian, Islandian edo Suitzan hotz handia egiten duela negua, baina lehendakariak esaten zuen hotzaz bagabiltza, sakela bero-bero dabiltza horiek, alajaina!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.