Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Maitatua ala miretsia?

Maitatua ala miretsia?

xme 2005/05/26 08:00

Egunotan irakurtzen aritu naizen liburuan ("El tiempo de las mujeres", Martínez de Pisón-ena), pertsonaietako batek idazle bat ezagutzen du halako batean, eta hala dio hari buruz: "Ohartu nintzen Santiagok, idazle eta artista guztiek bezala beharbada, nahiago zuela miretsia izan maitatua baino, eta horrek bereziki minbera bihurtzen zuen".

Liburua komentatzea beste baterako utzita, esaldi horretaz jardun nahi nuke. "Idazle eta artista guztiak bezala"... egia ote? Neure buruari begiratzen diot eta iruditzen zait beharrezkoago dudala hezur-haragizko lagunen maitasuna, mirespen idealizatu bat baino; beste idazleez hitz egitea ez da erraza, nork bere buruari erreparatuta erantzun behar baitio galdera horri.

Idazle ospetsuez pentsatzen jarrita, García Márquez-en ateraldi ezaguna datorkit gogora, zertarako idazten zuen galdetu ziotenean: "Maita nazaten". Idazle emakumezko bati entzun nion behin, esaldi hori gizonezko batek baizik ezin zezakeela bota. Baliteke. Dena dela, ez dago kolonbiarrari zertan sinetsi. Ez hari ez beste inongo idazleri; ez al zuen beste hark esan poeta "um fingidor" zela?

Dena dela, saia gaitezen sakonxeago joaten. Maitasuna, berez, pertsonari izaten zaio; eta mirespena, arte-kontuetan, obrari. Edo hala behar luke behintzat. Nik idazle mordoxka ezagutzen dut, bakar batzuk maite ditut eta beste zenbait ez horrenbeste; baina norbait hurbiletik ezagutzen duzunean konturatzen zara zu bezalako gizon-emakumea dela, bere zalantza, beldur, poz eta ahuldadeekin; ez dagoela superman nahiz superwomanik; eta, horrenbestez, lekuz kanpo dagoela inor mirestea. Arte-lanak bai: batzuetan idazleak (musikariak, pintoreak) zinezko edertasuna sortzen du, ahaleginaren, talentuaren eta inspirazioaren bitartez, eta obra horrek gure mirespena sor dezake. Mirespena artistari atxikitzea, mitomania hutsa da; hizkuntzalaritzako terminoz izendatuta, metonimia bat.

Gatozen hortaz hasierako galdera hartara. Miretsia ala maitatua. Lehen ikusi batean, mirespenaren hautua egitea banidade egozentrikoa iruditu zait. Hala ere, serioxeago pentsatuta, bere buruarenganako maitasunaren gainetik bere obrarenganako mirespena jartzea ez litzateke, nire ustez, harrokeriazko ekintza, bere lanean benetan sinesten duen artistaren jarrera normala baino. Artistak bere garaia eta ingurua gainditu nahi ditu, iraungo duen zerbait sortu, bere zirkunstantzia pertsonal eta sozialen berri ematearekin batera haiek gainditu eta bestelako ingurumarietan bizi eta biziko direnekiko komunikazioa bilatu. Zer da hori: egolatria?, eskuzabaltasuna?, apaizgo-motaren bat?

Neure buruari berriro erreparatuta, galdera bigarrengoz egin eta oraindik ere iruditzen zait nahiago dudala maitasun ukigarria mirespen abstraktua baino. Seinale, beharbada, ez naizela zinezko artista...

etiketak: Saski Naski
Kepa L
Kepa L dio:
2005/05/26 19:46

Bere kontzertuetako abestien arteko solasalditxoetan Lluis Llachek askotan errepikatzen du mezu hau:

" ...Jakina da. Artista edo sasi artista omen garenok badugula joera nabaria gure banidade nazkagarria puzteko, eta inertzia horren kontra aritzeko eguneroko ariketak egin beharra ditugu..."

Nolanahi ere, artistak edo ezartistak izanda ere, ez al da neurri txikiko banidadea gure buruarekiko premiazkoa den beste maitasun mota bat?

Patxi
Patxi dio:
2005/05/28 04:18

Bada esaldi bat neri batere gustatzen ez zaidana. Inoiz norbait nik egindako lanaz harritu, edo egindakoaren oihartzunaz enteratu, eta esaten duenean: "joe, ni ez naiz kapaz horrelakorik egiteko"

Egindako lana, ipuia, argazkia edo dana dalakoa, ez dizu aipatzen. Ez du esaten ona danik, edo gustatu zaionik, baina bai adierazten dizu esaldi horrekin, halako garaipen bat lortu dezula: nabarmendu egin zerala, ez zaudela normaltxuen artean. Gorago zaudela.

Eta neri horrek ez dit batere inportik. Nik beste hori entzun nahi det: Joe patxi, emozionatu egin naiz testu horrekin, edo argazki horrekin, edo parre pila bat egin det, edo gozatu egiten det, edo dana dalakoa.

Nabarmentzeak, gorago egoteak, ni ez nau hunkitzen. Alderantziz, deseroso sentiarazten nau. Bigarrenak berriz, poza ematen dit.

Maitatua sentitzen naiz, baina bueltan datorren maitasuna ere bada. Eskuzabala izan bainaiz. Nik gozatutakoa eman egin det, erakutsi egin det. Neretzako bakarrik gorde nezakeen.

Ondo diozun bezela, batzuk beren obrak irautea dute helburu. Beren obra paregabea, bakarra, imitaezina dala eritzita. Hilezkortasuna amesten dute, beharbada heriotzari bildur apartekoa diotelako.

Horretarako ordea, lehendabizi obra paregabeak, bakarrak, imitaezinak burutu behar, eta genioak, gutxi gurean, oso gutxi. Imitatzaileak gehiago, bere zentzurik zabalenean.

Garcia Marquezek "maitata nazaten" esatean, beharbada bi sexuetan pentsatzen ari zan. Baina egia da, beste sexuaren maitasuna "plus" bat dala, oso eskertzekoa.

Maitasuna eta sexua alkarrekin dijoazenean, ez baita beste ezer falta.

ziztu
ziztu dio:
2005/05/25 16:09

Ni ez naiz idazlea, ezta artista ere. Baina argi daukat gauza bat: miretsia ala maitatua baino, nik gozatua izatea nahiko nuke. Anje Duhalderen kanata ezagunaren antzera: maita nazazu gutxio eta goza nazazu gehiago.

luism
luism dio:
2005/05/26 01:08

Artisten narzisismo zahar hori! Susmoa dut margolariak eta musikariak idazleak baino puskaz narzisistagoak direla, eta aktoreak narzisistenak narzisistenen artean. Idazle aunitzek pertsonaia bat sortzen dute, publikoaren eta medioen aitzinean azaltzeko moduan, agian ahalkea dela-eta, edo narzisismo hori dela-eta, edo irudi bat saltzeko beharrezkotzat jotzen delakoz, merkadoteknia dela-eta ... Hori egiazta daiteke telebista espainiarrean hainbertze idazlek nola jokatzen duten ikustean, Zela zenatik hasita, adibidez. "Pertsonaia" horrek, "o fimgidoreak", miresmena eskatzen duena da. Egia erran, euskaldunen artean ez dut horrelakorik ikusi, ezagutu ditudan guttiak apalak edo errealistak edo normalak iruditu zaizkit. Bertze susmo bat: mirespena behar duten horiek, euren etxekoen edo lagun minen artean, maitasuna da eskatzen eta behar dutena, baldin eta gizakiak direla atzendu ez badute, edo pertsonaiak pertsona jan ez badu. Ba, baten bat ere izanen da. Nola ote da Fernando Arrabal bere etxean? Eta Antonio Gala?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.