Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Mila hildako, alfer-alferrik

Mila hildako, alfer-alferrik

xme 2005/05/25 07:23

(Gaurko Berria-n argitaratutako artikulua)

Abisua bota zuen Mariano Raxoik, Ibarretxe Madrilgo gorteetara joan zenean estatutu berrirako proposamena defendatzera: “Plan hau onartzea (eztabaidarako onartzea) ETAren 1.000 biktimak alferrik hil direla esatea litzateke”. Orain Rodriguez Zapatero hartu du jomuga: “Traizioa egin diezu terrorismoaren biktimei”.

Argi dago eskuin espainolak bide horri eutsiko diola datozen urteetan. PSOEri betiko makilaren eta oraingo azenarioaren estrategia konbinatua txarto ateratzen bazaio, lepora jauzi egiteko prest, hozka eta atzaparka; “karrota eta garrota” apustu hori txukun antxean joanez gero, ordea, urteetarako xantza edukiko du gobernu sozialistak, Nobel saria ere bai Zapaterok beharbada, eta PP, berriz, zatiketaren atarian gerta liteke, zentro zibilizatuaren eta eskuin frankistaren artean. Dena dela, ez da hori gure gaia.

Gatozen Raxoiren hitzetara: 1.000 hildako, alfer-alferrik. Eta alde batera ez zaio arrazoirik falta: orain dela 25 urte ukatutakoa ematen badu Espainiako gobernuak, bitarte horretan izan diren zauritu, bahitu eta kalitu guztiak Estatuaren egoskorkeriari zor zaizkiola esan ahalko da. Iraganaren itzulerak denentzat ditu arriskuak ordea: orain dela 25 urte hutsaren hurrengotzat jotakoarekin konformatzen bada ezker abertzalea, ez al du hitz erdiz onartzen alferrik izan direla beretarrek jasandako nahiz eragindako oinazeak oro?

Ez dakit negoziazio-aldi batean sartzera goazen. Zantzuen berri, nik bezain ongi daki irakurleak. Zailtasunak, aldiz, ez ditugu aipatzen baina hor daude, guztion gogoan. Aholku bat daukat soilik, osa litezkeen negoziazio-mahaietan eser litezkeen guztientzat, artikulu hau irakurriko balute: inor ez dadila tematu iraganaren irakurketarekin.

Tema hori behin eta berriz agertu baita konponbiderako izan diren orain arteko elkarrizketetan. Aljerko negoziazioetan, kontatu digutenez, Espainiako trantsizioaz aritu ziren hizketan ia beste gairik gabe: orduan izan ziren traizioak, amore emateak, konpondioak Jeltzaleen eta ezker abertzalearen arteko solasaldi serio samarrak izaten diren aldiro, berriz, hor azaltzen omen dira, ia ezinbestean, Xibertako bilerak, 1977ko hartan nork hautsi zuen batasuna, norena izan ote zen errua

Errua eta arrazoia banatzen setatuz gero, alde bateko eta besteko hildakoak lasai asko geratuko dira beren hilobietan, trazioaren beldurrik gabe nor bere usteetan sendo, baina bizidunon esperantzak izango dira orduan alferrik galduko direnak. Iritzi batekoak eta bestekoak elkarrekin eroso bizitzeko etorkizun bat da denon artean asmatu behar duguna (edo, eroso ez bada, gutxienez eraso barik eta nork bere proiektuak aurrera ateratzeko aukerarekin); batzuok eta besteok eroso sentitzeko moduko iraganaren interpretazio komuna ez da lehentasunezkoa eta gainera ezinezkoa da, zauriak fresko baitaude oraindik.

Inongo ekidistantzia-asmorik gabeko katalogo labur bat: ehunka dira ETAk hildakoak, eta horiek guztiek zituzten senide eta lagunak; ehunka dira urrutiko espetxeetan usteltzen dauzkatenak, etxekoen bisita nekagarri horiekin; milaka dira tiro baten edo lehergailu baten beldurrez ibili behar dutenak egunero; milaka dira tortura zer den Irakeko albisteetan ez baizik bere haragian ikasi dutenak; bizkartzainekin bizi behar dutenak, errefuxiatuta erbeste ilunean higatzen direnak, burnidunen xantaiaz milioiak eman behar izan dituzten familiak, estatuaren zigorrez pobretu direnak

Gorrotoa alde askotakoa da eta bizi-bizirik dirau. Barka eskeak, iristen den egunean, alde askotakoa izan beharko du beraz. Baina inor ez dago, ezin egon daiteke, barkatzera behartuta. Gauzak bide onetik joanez gero, Denbora deitzen den arkitekto handi horrek goxatuko ditu zauriak. Ukendu horren zain, ozpina behintzat ez botatzea tokatzen zaigu guri. Pixkanakako ahaztura da lehenaldi partekatu bat ekartzen ahal digun bakarra, nahiz eta esandako hau astakeria galanta izan historialarientzat eta oroimenaren altxorra gorde nahi dugun guztiontzat.

Gauzak ondo joanez gero esan dut. Hala bedi.

etiketak: Politika
patxi Lurra
patxi Lurra dio:
2005/05/27 16:31

Batetik, EAJ Atutxa mantentzeaz tematuta, beste batetik Euskal Herrialdeetako komunistak Atutxaren iragan urrunagaz tematuta, beste batetik "konstituzionalistak" Atutxaren iragan hurbilegaz tematuta.

Batzuk ez dakigu noren aurkako bonbak ipintzen setaturik, eta beste batzuk ez dakigu zergaitik uritarrak atxilotzen...

Eskerrak tematuta be dagoena Zaldi Eroa dala, komiki tira bikainak eginez eta gai hauei buruz ironia landuz. Berak esaten dauan legez: Gatazkaren amaieraruntz OMEN goiaz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.