Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Pedagogiaren indarra

Pedagogiaren indarra

xme 2005/05/23 08:20

Egilatzen dago, Aguraindik gertu, Aizkomendiko trikuharria, Euskal Herri osoko ederrenetakoa. Joxe Migel Barandiaran arduratu zen haren indusketaz, eta Arabako aldundiaren laguntza izan zuen egin beharrekoetarako. Diputazioak deialdi publikoa egin omen zuen, eta prezio merkeena eskaini zuen kontratistari esleitu hango lanak. "On Joxemigelek asko abonatzen zuen kontratista hura", esan zidan Joxe Zufiaurre etnografoak, istorio hau kontatu zidanak, eta ondoren azaldu zidan zergatik "abonatzen" zuen gizon hura (zein aditz ederra!)

Obrak hasteko eguna iritsi zenean, eskabazio bat egin behar zuela-eta, eskabadora eta guzti agertu omen zen delako kontratista edo haren menpeko langilea. Barandiaranek ezetz, hango lanak ez zirela horrela egitekoak, eta, kontratista alde batera hartuta, arkeologia eta paleontologiazko ikastaro trinkoa eman omen zion: zer zen trikuharri bat, zer esan nahi zuen, nor bizi izan zen han duela milaka urte, zergatik altxatu behar zen lurra eskuz eta kontuz...

Jar gaitezen gu denok kontratistaren lekuan. Normalena, diputaziora deitu eta bere esleipen hura bertan behera uzteko edo prezioa igotzeko eskatzea izango zen, egin beharreko lana ez baitzen deialdian azaldutakoa edo berak ulertu zuena. Horren ordez, baina, Joxe Migelen esanetara jarri eta hantxe aritu omen ziren, zentimetroz zentimetro lurra altxatzen eta aztarnak jasotzen. "Diru mordoa galduko zenuen zuk hemen", esaten omen zion Barandiaranek, kontzientziaren harra lasaitzeko edo. "Berdin dio: zuk erakutsi didazunarekin asko irabazi dut nik", erantzuten omen zion besteak.

Pasadizo horrekin gogoratu nintzen joan den astean; Aranzadiko Juantxo Agirrek gonbidatu eta Beasaingo Igartzan egiten ari diren lanak erakutsi zizkidan: zubia, errota, burdinola, jauregia, ermita, benta... Indusketan egin dituzten aurkikuntza harrigarriak, halakoa erakusteko dauzkaten asmoak, bestearen erabileraz dituzten zalantzak, hezetasunak suntsitu baino lehenago egin beharreko konponketak, eta beste hainbat txukuntze, zahrberritze, lehengoratze... Kontratista arabarraren moduan, asko ikasi nuen, eta lehengo uste oker batzuk baztertu ere bai.

etiketak: Saski Naski
xme
xme dio:
2005/05/23 11:43

Bueno, ez ziren hartarainokoak. Ez dakit zein ateren XVI. mendeko egitura bere hartan gorde dela eta horrelako gauzak, arkeologo bati egundoko ilusioa egiten diotenak.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2005/05/23 11:02

zein aurkikuntza harrigarri?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.