Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zuekin gaude

Zuekin gaude

xme 2005/05/20 10:11

Galiziatik idatzi didate, hango idazle ezagun batek, hauteskundeak direla-eta. Manifestu antzeko bat prestatu dute, nonbait, eta kanpoko jendearen babesa nahi dute. Kanpoko intelektual jendearena, botoa eskatzeko ondo ematen dutela-eta.

Hala dio "Zuekin gaude" izeneko manifestuak galizierazko bertsioan:

"Somos moitas as persoas que ollamos a Galiza dende fóra con ollos atentos. Vemos en vós un país que nos atrae e vemos tamén cousas que non comprendemos.

¿Como un país que demostrou forza e dignidade para berrarlle “Nunca máis” a un poder que o desprezou segue a dar esa imaxe de país encerrado nun tempo pasado e ben pasado?

¿Como unha sociedade que dá mostras de ser creativa e dinámica permite que siga a marchar a súa xuventude e co índice de nacementos máis baixo de Europa?

Dende fóra, dende España, dende Europa toda, vemos que a Galiza está ante unha decisión histórica. Cremos que vai ser esa xuventude que vimos mobilizarse para defender o mar e a terra, esa xuventude que lanzou ese “nunca máis”, esa consigna de rebeldía e de esperanza a todo o mundo a que decida o dilema.

Desexamos que a Galiza opte polo futuro, por vivir o tempo da liberdade e opte pola esperanza. Nós estaremos agardando coñecer esa nova Galiza que sabemos que xa existe."

Laguna ere badut agiri hori bidali didana, eta lehen erreakzioa sinatzea litzateke; gainera, Fraga agintetik botatzeko kanpaina izanda, nola ez bat egin? Hala ere, patxada gehixeagoz pentsatuta, aldrebes samarra da dena. Saiatuko naiz zergatia azaltzen, lagun galiziarrari azaldu diodan moduan.

Gure herrian sarritan pairatu behar izaten ditugu kanpoko intelektual paraxutistak, halako jakinduri lustre oroz gaindiko batekin zer egin behar dugun edo ez dugun esaten digutenak. Batzuk borondate onenarekin, beste batzuk lotsa gutxirekin, baina ia beti euskal gauzen eskema guztiz estereotipatuarekin. Neure herriarentzat nahi dudan errespetu eta duintasuna aitortzen dizkiot nik Galiziari, eta ez nuke nahi inongo galiziarrek ni sasijakintsuen zaku horretan sartzerik, nahiz eta nire izenak ez izan ez lustrerik ez itzalik.

Gainera, manifestu zehatz honi paternalismo merkea dario lerroz lerro. Borondate ona ez diot ukatuko (hori ere zalantzazkoa da: partidu sozialistaren eskua sumatzeko ez da azkarregia izan behar), baina badirudi galiziarrak tontotzat hartzen ditugula: nola liteke dinosauro horien menpean segitzea? Ez al zarete ohartu modernitatea beste alde batetik dabilela? Ez zaitezte atzeratuak izan, gaixo horiek.

Paternalismo nagusikeriazko hori, bestalde, baliteke kaltegarria izatea lortu nahi duen helbururako ere. Nik ez dut zinez ezagutzen herri galiziarra eta nire iritziak deus gutxi balio du beraz. Hala ere, hango lagunei behin baino gehiagotan aditu izan diet PPren aldeko botoan, osagai espainolista eta eskuindarraz gainera, badela galiziartasun primitibo antzeko bat, kontserbadorea, ez oso jantzia, lehenari lotua. Horiek abertzaletasunera erakartzeko ametsa izan du BNGk betidanik, baina ez dauka erraza, ez daukanez erraza. Hala ere, Madrilgo aktore, idazle eta kantari guai parrasta bat hara joateak, kolonietako M'ongoloei bide zuzena erakusten dieten Gizon Jakintsuen moduan, ez dakit ba mesede handirik egingo dien.

etiketak: Saski Naski
Patxi
Patxi dio:
2005/05/24 13:29

Kanpotik gauzak modu batera ikusten dira, baina barrutik, zer ote!

Oso zuzena eta zuhurra iruditzen zait zure postura. Aupa Xabier.

-Xavier Vsquez Freire
-Xavier Vsquez Freire dio:
2005/05/23 20:07

Bonitas palavras falando da galiza e no nosso idioma. Eskerrik asko, Xabier.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.