Marconi
Bada jendea komunikabideetan ateratzeagatik txoratzen dena. Telebista dugu, egunero, egia horren erakusgarri; erakusgarri barregarri, penagarri eta tamalgarri.
Baina badira, gero eta gehiago beharbada, komunikabideei ihes egiten dieten lagunak. Idazleen artean ezagutzen ditut nazkatuta daudenak irratiez, egunkariez, telebistaz, eta handik datozkien eskariei purrustaka ez bada ezezko doi batez erantzuten dietenak. Kazetariak haserretu egiten dira, euren lana betetzen ari direlako, baina jendearen eskubidea ere bada isilik egotea, iritzirik ez ematea, irudirik ez eskaintzea.
Utz ditzagun alde batera famatuak, famagurakoak eta intelektual misantropo ospekoak. Jende arruntaren kasu bat kontatu nahi dut. Bueno: kontzeptu faltsu eta elitista da hori, ez baitago "jende arruntik", denok gara neurri batean arruntak, eta edozein pertsona hartuta haren baitan pixka bat arakatuz gero, denok gara berezi eta espezialak.
Esan nahi nuen ez ilustre ez ospetsu ez den pertsona baten kasu egiazkoa azaldu behar nuela. Deitu diezaiogun Joakin. Joakin adineko gizon bat da, bizitza osoan irratiak konpontzen aritu dena, eta, urteen joanean, irrati zaharren bilduma koxkor bat osatu duena.
Aurreko batean, Marconi fisikariaren urteurrena ote zen ez dakit, asmatzaile italiar haren gaineko saio bat egitea pentsatu dute irrati-emisora jakin batean. Eta, gidoia osatzeko, gure Joakini deitu diote, ea Marconiri buruzko saioan parte hartuko duen. Baietz esan die Joakinek, eta halako egunetarako geratu dira, telefonoz deituko diotela, eman dezagun, hamabi eta erdietan.
Joakin ez da zientzialaria, baina ez du arlotetzat geratu nahi. Hortaz, hurrengo egunean bere liburu zaharretan begira hasi da, Guglielmo Marconiren bizitzaz eta lanaz xehetasunak biltzeko, haririk gabeko telegrafiaren historiaz, irratiaren sorreraz eta abar.
Esan beharrekoak txukun prestatu eta gero, deiaren zain gelditu da. Aurretik sintonizatu du delako irrati-katea, badaezpada. Eta konturatu da lehenagotik hasi direla Marconiri buruzko tartearekin. Gonbidatu bat eraman dute, hasi da hitz egiten, eta esan ditu juxtu Joakinek esateko apuntatuta zeuzkan gehienak. Gero beste gonbidatu baten txanda iritsi da, eta horrek bota ditu Joakini esateko geratzen zitzaizkion apurrak.
"Ta nik orain zer esan behar diat?", pentsatu du bere artean Joakinek. "Irrati zaharrak biltzen dituen xelebrea izan behar ote dut?". Telefonoz deitu behar zuten unea ia bertan zen eta, Joakin gureak, ez bat eta ez bi, entxufea kendu zion bere telefono-aparailuari.
Imajinatzen dut nire lagunen bat, "horixe egin behar diat hurrengoan" pentsatzen.