Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Atxaga: oroitzapen zahar bat

Atxaga: oroitzapen zahar bat

xme 2005/05/18 11:05

Joan den larunbatean Larrabetzun izan nintzen, Bihotz Bakartien Klubak antolaturiko literatura-eskolaren hileroko saioan. "Atxaga Bilbon" genuen aztergaia, eta horretaz jardun zuen bere izena halakoetan aipatu gabe nahiago izaten duen lagun batek. Hemen ez dut "Ziutateaz" edo "Etiopia" aipatuko, ordea, eskola horren harira burura etorritako pasadizo bat baizik.

Gaur egun badirudi Atxaga betidanik izan dela egile miretsia eta aho batez txalotua, baina garai batean ez zen horrela izan. Beste edozein idazle hasiberriren moduan bere bidea bilatu behar izan zuen, eta bere lankideen errespetua iritsi zitzaion lehenago, agintarien laudorioak baino.

Orain dela ia 23 urteko kontua da: 1982ko abenduan euskararen aldeko kanpaina bat jarri zuen martxan Gipuzkoako Diputazioak (instituzioetatik abiarazitako lehenengoetakoa), eta, irakurtzeko ohitura zabaltzeko, euskal liburu eta aldizkariz osaturiko bibioteka modukoak paratu zituzten han-hemen, herrietako liburutegiak gaizki hornituak eta euskal fondoetan guztiz zurtzak ziren garaian.

Sartu nintzen gure herriko etxabe xaxtar batean paratu zuten liburutegi moduko hartan, ibili nintzen ikusmiran eta, maileguan eramaten uzten zutenez, itxura ona eman nion aldizkari bat hartu nuen etxerako: Susaren 6. alea, hain zuzen. Gabonetako oporrak izango ziren, astia ere bai, eta goitik behera irentsi nuela uste dut; biharamunean han nintzen berriro, aldizkari haren beste alerik ba ote zen ikusteko: 5.a eman zidaten; aurrekoaren aldean hotzago utzi ninduen, ez baitzegoen halako ipuin eder edo poema lotsagaberik; horren ordez, idazle bati buruzko monografikoa neukan: Bernardo Atxaga delako bati buruzko ikerketak eta hari egindako elkarrizketa. "Norbait duk hau", esan nuen neure artean.

Hirugarrengoz jo nuen behin-behineko biblioteka hartara, galdera bat buruan eta mihian:

"Ba al duzue Atxagaren ezer?"

"Mikel Atxaga?", galdetu zidan arduradunak.

"Ez: Bernardo".

Nik 18 urte nituen, euskal letretara ailegatu berria, eta ez neukan aztarrenik ere nor zen Mikel Atxaga, baina liburutegi haren arduraduna gure herriko euskaltzale saiatu eta finena zen, eta haren belarrietara ere guztiz ezezaguna zen, artean, Bernardo Atxagaren izena.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.