Sei arroako luma
"Eskribau-jende horri, sei arroako luma jarriko nieke nik" esaten omen zuen nire lankide baten aitonak. Jakin ez, aitona gaixoak, biloba ere horietakoa bihurtuko zitzaiola.
Baserrian jaioa da berez nire lagun eta lankide hori, etxean bizi izan zen artean baserriko lanetan ere jarduna, baina, beste askok bezala, bestelako bidea hartu zuena. Auzolanean laguntzen zien batek abisatu omen zion aita zenari: "Hi, Jexux, gaizki ari haiz, semeei estudioak eman-eta, gero ez duk inor geratuko baserrian". Baserri hura ere urbanizazio-planek irentsi behar zutela jakinez gero ez dakit zer esango zuen auzoak.
Lagunaren pasadizo horiekin oroitu naiz Iñaki Irasizabalen "Mendaroko txokolatea" irakurtzean. Ez baserririk agertzen delako ordea. Sukaldaria da protagonista, eta, liburuaren hari nagusia hilketen ingurukoa bada ere, sukaldeak badu bere garrantzia. Vazquez Montalban-ez geroztik ohikoa bihurtu da gastronomia-kontuak azaltzea nobeletan, zer esanik ez ardoen gaineko jakituria. Irasizabalek ez du gourmand, connaisseur eta sibaritarena egiten, hala ere; sukaldeko lana agertzen da berean: pertsonaiek saltsak egiten dituzte, tipula txikitzen, ontziak garbitzen, mahaiak zerbitzatzen, bezero petralak tratatzen. Oso normala dena baina, pentsatzen jarriz gero, eguneroko lan normalak literaturan agertzea ez da oso normala. Zolaren garaian bai, errealismo sozialista modan zegoenean ere bai noski, eta Ignacio Aldecoak lanbideen inguruko ipuinak asmatzen zituenean ere bai akaso, baina gaurko literaturan bitxikeria bat dela esan liteke.
Aurreko liburuan ere ("Burua txoriz beterik"), arotza zen pertsonaietako bat, eta lan errealak egiten agertzen zen han: teilatu bat konpontzen, oholak zerratzen eta abar. Lanbideei emandako begiratu natural edo naturalista honek izango du zerikusiren bat egilearen ogibidearekin: izan ere, Irasizabal da, nik ezagutzen ditudan idazleetan, fabrika batean errelebotan lan egiten duen bakarra. Arotz ere ibili omen zen garai batean, baina sukaldari inoiz ez; oraingoz behintzat.
Lanbide ugari dago euskal idazleetan: batzuek lumatik bizitzea erabaki dute, handik eta hemendik datozkien lanak hartuz; beste asko kazetari, itzultzaile, irakasle dira, bizimodua ateratzeko. Baserritarrik, berriz, ez dut inor ezagutzen, eta elizgizonak oso-oso gutxi. Bizibide gogorragoa dutenen artean, dendari bat (Xabier Etxeberria) eta garraiolari bat (Txema Garcia-Viana) datozkit gogora. Gehienak, hala ere, eskutxuriak, eskribau-jendeari dagokion legez; lagunaren aitonak ez dakit ezagutuko zuen, baina seguru gustatuko zitzaiola Udarregiren bertsoa:
"Kontzejura etorri naiz / paper baten bila. / Pentsatzen jarrita're / hau dek alper pila. / Pluma eta tintero, / bastoi ta makila. / Pobriak altxatzeko / a zer kuadrila!"