Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Menos mal que nos queda Portugal

Menos mal que nos queda Portugal

xme 2005/04/26 08:00

Manoel de Oliveiraren "Un filme falado" komentatu nuen aurreko batean, nola Europako alderdi mediterranearreko kulturen erakusaldi eta laudorio bat egiten duen, baina berezia zela ez Espainiarik ez espainiarrik ez espainierarik ez zela aipatzen bertan; eta, horren haritik agindu nuen hurrengoan euskal literaturaren historia txikiko istorio bat kontatuko nuela. Utzi eta utzi ibili naiz orain arte, baina Gaztelumendiren blogean ohartu naiz apirilaren 25a pasatu berri dugula, Krabelinen Iraultzaren urteurrena. Data aproposa, beraz, aspaldiko zorra kitatzeko.

Joseba Sarrionandiaren "Hnuy illa nyha majah yahoo" liburuan badira bi poema portugesez idatziak: "Propostas para a definição do exilio" eta "Mensagem ao Bernardo Atxaga"; poema-bilduma hori editatzeko orduan, disketeko kopian galdu egin ziren zeinu diakritiko guztiak (tiletak, sudurkariak, zirkunflexuak...), eta egileak noizbait paperean bidalitako kopia aurkitzen ez. Kaleratzeko data bazetorren, eta arazoa konpontzeko portugesez ondo jakingo zuen norbait behar nuen. Zer egin?

Portugalgo ordezkaritza diplomatiko hurbilenera idatzi nuen, neure arazoaren berri emanez eta laguntza eskatuz, egilearen berri xeherik eman gabe. Testua zuzenduta bidaltzea espero nuen, baina, horren ordez, telefonoz deitu zidaten, kontsul jaunaren partetik, harengana joateko ordua emanez.

Joan nintzen bada kontsul jaunarenera. Gozo eta atsegin hartu ninduen, eta euskal kultura zinez estimatzen zuela erakusten saiatu zitzaidan; ez dakit poemak zuzendu aurretik edo zuzendu ondoren izan zen, galdera bat egin zidan: "Egilea portugesezko irakurlea dela diozu; ze unibertsitatetan da ba lektore?" Beti izan naiz oso txarra gezurretan ibiltzeko, eta, nola gizon burutsu eta azkarra iruditu zitzaidan, esan egin nion nor zen egilea, eta, nola ez zuen ezagutzen, baita haren zirkunstantzien berri eman ere.

Tenk geratu zen jaun diplomatikoa; konpostura galdu gabe, hala ere. Eta esaten hasi zitzaidan bere gobernuak harreman ezin hobeak zituela espainiar gobernuarekin, eta hortaz, gai horri zegokionez, bere jarrera, bla-bla-bla. Nik ez nuen ezer esaten; berak segitu zuen hizketan, eta, hariak eramanda, pixkanaka berotuz joan zen, eta azkenerako aitortu zidan Espainiak eta espainolek ez dutela oraindik irentsi Portugalen independentzia; goitik behera begiratzeaz gainera, ezin dutela eraman haien inperiotik alde egin izana. Independentzia-gerra bat irabazi eta gero.

Nik Iurretako idazlea imajinatu nuen, hura dena albotik entzun eta irribarrez...

Jabi
Jabi dio:
2005/04/26 11:10

Herrialdea baino, errakuntza historikoa da Portugal espainiarrentzako eta, erreparatuz gero, Espainian islatzen denagatik balitz, ez genuke Portugal inondik inora ere ezagutuko. Hedabideetan oso gutxi agertzen da eta gizartean portugaldarrak jende pobrea, barrakeroak, putak, lapurrak eta horrelakoekin lotzen dituen irudi interesatua dago, bere nagusitasuna beste norbaiten zapalkuntzan eraiki nahi duen akonplejatuarena. Portugaldarrek, berriz, "Espainia ala ozeanoa" galdetuta, "ozeanoa" esaten dute eta ez dira inoiz fidatu, "Espainiatik ez dator haize onik" esanez. Nahikoa da Valençan eta leku askotan Espainiara begira eraikitako gotorlekuak ikustea.

k.a.
k.a. dio:
2005/04/26 20:38

Atzo estravagario delako programa horretan (badakizue zein den? La2-n botatzen duten eta hain aurkezle txarra duen literatur magazin hura, bai) Portugaleko literaturaz hitz egin zuten, zein gutxi ezagutzen den Espainian eta nola badagoen literatur ona Pessoa eta gero. Interesantea zirudien, baina erdi lo nengoen. Ez dakit zuek, baina nik hizkuntzarekin maiteminduta nago, hizkuntzarik goxoena dela uste dut, maitasunaren hizkuntza. Kuriosoa da ezagutu ditudan portuges guztiek gazteleraz jakitea. Eta oso ondo gainera. Espainolek berri tutik ez. Ezta saiatu ere. Jabik esaten duenarekin du zerikusia duda barik.

(Xabier, emailez eskertu nahi nizun s. jordi oparia, baina mezuak itzultzen dizkidate, ez pentsa eskergabeko neska naizenik)

urtzi
urtzi dio:
2005/04/29 14:01

agian izango dituzue azpitituluak direla-eta eman izan dudan kaparradaren berri. Tira, aspaldion pozarren nabil Emule-ri esker lortzeko zailak diren zenbait film eskuratuz, badakizue, jende arraroak gustuko ditugun Iran, Ginea, Balkanak eta antzeko lekuetako filmak ikusiz. Jakina, filmok ez daude euskaraz, eta gazteleraz ere ez gehienetan. Baina VirtualDub programari esker azpitituluak ere itsasteko aukera dago, aurretiaz jaitsita. Eta horri Subtitle Workshop-a gaineratuz gero, azpititulook itzultzeko aukera ere badago. Hau guztia zer dela-eta? Udan ikusi nuen La2en "A la revolución en un 2CV" filma. Komedia atsegina, italiarra, 74ko apirilan kokatutako "road-movie" bat. Iraultza piztu dela entzun eta Parisen bizi diren hiru ikasle badoaz Portugalera. Gogoan dut goizaldea izanda ere telebistara lotuta gelditu nintzela filma Euskal Herrian kokatuta zegoela sumatu nuelako (muga zeharkatzen ari ziren unea zen). Eta geroago aipatzen dute, Espainian zehar dabiltzala "faxista-herri honetatik alde egiteko gogoa daukat". Film xelebrea da, orduko giro eta uste eta ilusioak agertzen dituena. Gurasoei erakusteko asmoa neukan, baina espainierazko bertsioa jaitsi ezin eta jatorrizkoa jaitsi nuen. Gero azpitituluak, ingelesez baino ez zeuden. Beraz, hor nabil euskaratzen, ia amaitu dut, baina zalantza... zelan euskaratu "Grandola, vila morena"? Grandola, hiri...? "Morena" "sunburnt" itzultzen dute ingelesez, baina "hiri errea" baino kontu hoberik izango da!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.