Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Kulturalistaren ajeak

Kulturalistaren ajeak

xme 2005/04/21 09:06

Kulturistak giharrak lantzen dituen bezala, bere burmuinak etengabe estimulatu behar ote ditu kulturalistak? Garunak erkindu egiten ote dira jaki espirituala eman ezean? Ez dakit. Dena dela, nik behintzat zaletasuna daukat, liburuen bizio utziezinezkorako ez ezik, aldian-aldian bestelako ikuskizunetara joateko: dela antzerkia, dela erakusketa edo bertso-saioa.

Kultur produktu, emaitza eta ikuskizunetarako jarrera aldatuz joan zaidala esango nuke ordea. Hala komentatu nion behin aspaldiko lagun zahar bati, gero eta esijenteago bihurturik nengoela, zorrotzago epaitzen bainituen ikusten nituenak. Are zorrotzagoa izan zen lagunaren epaia: “Kontua ez da esijenteago bihurtzen zarela: kontua da, denbora pasatu ahala, gero eta gauza gehiagok aspertzen gaituztela”. Horra, denboraren ezpata krudela.

Hala ere, ahal dudala astero jarraitzen dut emanaldiren batera behintzat joaten. Noizean behin sortzen baita espero ez zenuen txinparta, arima zabaldu eta bizitzari berri begiekin begirarazten dizuna.

Askotan, baina, zaputzaldiak pilatzen dira bata bestearen atzetik. Orain dela pare bat aste, zine-klubera joan nintzen ostegunean, Takeshi Kitanoren “Zatoichi” ikustera; kritikariek jeinuen pare jarri ohi dute beti zuzendari, aktore eta showman japoniar hau, eta, aurretik ikusi dizkiodan bi filmak askorik gustatu ez zitzaizkidan arren, neure borondate onenarekin joan nintzen, beste behin. Bortizkeria liriko hori ez da niretzat egina, nonbait, honakoa are aspergarriagoa iruditu baitzitzaidan, Bruce Lee-ren ostikoketak bezain merkea.

Ostiralean antzerki-emanaldi batera joan nintzen, iluntzean. “Vampyria” zuen izena ikuskizunak, Teatro Corsario talde entzutetsuak emana. Helduentzako txotxongiloak ei ziren, banpirismo istorio bat kontatuz, eta kritikaren txalo eta bedeinkazio guztiekin zetorren. Berriz ere kale, teknikaren aldetik dena primerakoa izan arren, obra bera kaxkarra eta eskasa iruditu baitzitzaidan. Besteetan ikusitakoaren kritika idatzi ohi dut, baina harakoan hobe isilik geratu, zaborra banatzen hasi gabe.

Gau horretan bertan bertso-saioa geneukan herrian, eta, apur bat nekatuta nengoen arren, bestela ere bertsozaleak gure herrian gutxi direla-eta, joan egin nintzen. Peñagarikano, Lujanbio, Iturriaga eta Colina ziren bertsotan, Aitor Sarriegi gai-jartzailearen agindutara. Bertsolari txukunekin ere saio erdipurdikoak ikusten ohituak gaude; bertsoak balekoak izanda ere giroa berotu ezinda geratu izan gara gure herrian sarritan, eta, hortaz, ez nuen gehiegi espero. Baina ez: ondo hasi zen saioa eta hobeto segi, primerako giroan. Tamalez, aste osoan egunero zazpietan jaikita, logurak hartu ninduen mendean, eta nik kontra egin arren itxi egiten zitzaizkidan betazalak, beheraka erori burua.

Lo egin nahi eta ezin egina sufrikario latza den bezala, egoera barregarri samarra da logurari eutsi nahi eta eutsi ezina (bolantean joanez gero tragikoa izan litekeena). Eta halaxe ibili nintzen ni: saioaren heren bat ongi aditu nuela esango nuke, beste heren bat erdizka, eta azkenean seko lo geratu nintzen puska batean, ordu laurdenean edo. Hortik aurrera, berriro ere pixkortuta, amaierako agurrak aditu nituen, eta bertso-paperen lehiaketako sorta irabazlea kantaturik (Alaitz Sarasola idazle, Eñaut Agirre kantari).

Gaitz erdi: ondoan suertatu ziren lagun batzuei galdetu, eta ez omen nuen zurrungarik egin.

etiketak: Saski Naski
xme
xme dio:
2005/04/22 10:44

  1. A.ren oharrari erantzunez:

Eider Rodriguez-ek artikulu mundiala idatzi du Nabarra aldizkarian, kritikoen sailkapen bat eginez. Hona:

Epailea: mailuaren hotsa du gustuko, ona da, txarra da, togapetik egiten du, gorentasunetik. Ofizioz nahasi zen, han, unibertsitateko kefetegian.

Abokatua: defentsa da haren lana, argudio xelebreenek balio dute, epaiketa irabaztea du xede.

Solidarioa: dela emakumea delako, edo beltza, edo elbarria, edo homosexuala... hots, gabeziari begiratzen dio lanari baino gehiago, eta justizia aldarrikatzen du, GKE batean balego bezala.

Madarikatua: ausartzat du bere burua, lanaren aukeraketa eta bazterketan egiten du kritika zorrotzena, eta oraindik peril handiagokoa dena: librea dela sinestarazi nahi du. Baina ez da inoiz gartzelara joango.

Laguna/etsaia: egilea jartzen du liburuaren gainetik, eta harekiko pasioak gailenduko dira kritikan.

Adeptoa: bere guru literarioen esanak bereak balira bezala errepikatzen ditu.

Lumaduna: kritikatzen ari den idazlearekin lehian dagoela dirudi, kritika bera ariketa literario bihurtuz. Liburuak argitaratzea falta zaio oraindik.

Poliglota: diegesia, estereoskopia, anakronia... bezalako hitzak erabili zale da, batez ere erro greko-latindarrekoak. Beste hizkuntzetako maileguek ere leba ematen diote idatziari: adibidez, boutade, mise en scene edo leit-motiv. Benidormen ikasi zituen hitz hauek, turista alemaniarrei begira.

Kriptikoa: ez dago esaten duena ulertzeko modurik.

Lehorra: ez da bustitzen.

Krikrikoa: lagunartean kri-kri ozenak egiten ditu obrak ironia handiz egurtuz, idazterakoan ordea arkume otzana da.

Erromantikoa: izenondo ozenak ditu maite: zoragarria, sublimea, ederra, ahaztezina...eta gau bateko maitaleari idatzitako gutuna dirudi bere kritikak.

Zintzoa: kritika hasi aurretik bere zintzotasunaren aldarria egingo du, zilegi delarik haurtzaroko oroitzapenak erabiltzea onberatasuna ziurtatzeko.

Katekista: Bibliarik ez du baina ezin da euren erlijioaren kontra jo.

Esteta: ederra, fina, sotila... polita hitza ere oso erabilia da. ...

k.a.
k.a. dio:
2005/04/22 00:58

Ziur naiz kulturaren kontrako atentatua dela egunero zazpietan altxatzea.

Zorrotza izateak badu bere grazia ere. Plazer berri bat deskubritu beharko zenuke, Xabier: kritikatzearen plazerra, ikusitakoa (sufritutakoa) gogoz larrutzearen plazerra.

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2005/04/22 16:31

Benetan ona, zorion beroenak hemendik Eider Rodriguezi. Egia esa, kritikari batzuk sailkapen horietako bat baino gehiagotan sartzen dira, beraz, imajinatzen dut konbinazioak eta permutazioak egitea zilegi dela. Edonola ere, faltan sumatu dut ("Katekista" bide horretatik ez badoa behintzat) iruzkina egilearen adskripzio politikoari begira egiten duen kritikari-motaren aipua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.