Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Aita-semeak loturik daude

Aita-semeak loturik daude

xme 2005/04/06 08:00

Joseba Zulaika (Itziar, 1948) bere garaiari aurreraturiko idazlea izan dugu, dudarik gabe. Gaur, edonork onartuko dizu, komunikabideetan saltzeko moduko irudia daukan artista behar da: guapoa ez bada, nortasun nabarmenaren jabe gutxienez. Zulaika berez beste sasoi bateko idazlea dugu, testu serioa baloratzen omen zenekoa, eta, bere garaian, haren txima harroak, haren jarrera desinhibitu eta hizketa lotsagabeak fribolitatetzat-edo hartzen ziren eta gaztetxoaren bihurrikeria moduan barkatzen.

Bada gauza bat, hala ere, Zulaikari beti eskertu izan diodana: antropologia-testuak interesgarri bihurtu izana, berez helburu akademikoa zuten liburuak nobela baten bizitasunaz jantzi izana. Polemikaren lustrea bilatzea aurpegiratuko dio baten batek, beharbada, baina eztabaida unibertsitarioa goiko tenplutik beheko plazara ekartzea beti iruditu izan zait txalogarria.

Alde horretatik, "Violencia vasca. Metáfora y sacramento" egilearen tesi izan zena, euskal gatazka armatuaz inoiz idatzi den testurik eder eta sujerikorrenetako bat da oraindik ere, eta era berean dira kilikagarri ehizari, Guggenheim museoari eta beste hainbat gairi buruz idatzi dituenak. Behin baino gehiagotan izan dut sentipena idazleak tranpa txikiak egiten dituela: tesia formulatzen duela bere baitan hasteko, eta hura berrestera datozen datuen bila abiatzen dela gero, errealitatea apur bat behartuz hala behar izanez gero. Zientzialari guztiek egiten duten gauza bera omen da ordea, eta grazia gutxiagorekin gainera.

Bertsolaritzari buruzko kontuak dauzkat gaur aipagai. Orain dela hogei bat urte hautsak harrotu zituen Zulaikak "Bertsolariaren jokoa eta jolasa" liburuxka argitaratu zuenean Baroja etxean: bertsoak jolasa behar zuela eta lehiaketa arautua arrotza zitzaiola defendatzen zuen, hitz gutxitan, saiakera horretan, eta bazterrak nahastu zituen Bertsolari Elkarte sortu berria Txapelketa Nagusia antolatzen zebilenean.

Testu hori aspaldi zegoen galdua, eta erreskatatu egin du Bertsolari argitaletxeak (izen bereko aldizkariaren liburu-sailak); benetako sorpresa, baina, ez da testu hori, horrekin batera atera duten bestea baino: "Bertsolariak eta idazleak: aita-semearen arteko kondaira zaharra", Renoko Unibertsitatean 2003an ingelesez emandako hitzaldia, liburu honetarako Aiora Jakak euskaratu duena.

Aita-semeen lan horretan, bere aita gogoratzen du Zulaikak: Uztapideren adiskidea, lagun arteko bertsolaria, etxeko sukaldean bertso-paperak eta Auspoako liburuetakoak kantatu ohi zituena. Maitasunez beteriko erretratua egiten du itziartarrak, baina hortik abiatuta ikerketa antropologiko bat ere bai: ahozko kulturaren eta letra idatziaren kulturaren arteko desberdintasunak, bakoitzaren inplikazio eta ondorioak, kulturaren transmisiorako estrategiak...

Josebak bere burua gaur egun gurasotzat ikusi eta aitarekin konparatzen ditueneko pasarteak dira hunkigarrienak; beste zati batzuek lehortasun akademikoaren usaina dute, baina batekoz beste gustura irakurtzen den liburua da "Bertsolaritzaz bi saio" izenekoa.

etiketak: Liburu kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.