Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Poteo gazi-gozoa

Poteo gazi-gozoa

xme 2005/04/04 08:59

Denok dakigu ipar amerikarrek menderatzen dutela zinema-industria, eta mundu osoko aretoetan ez dela Hollywoodeko estudioetako emaitzak besterik eskaintzen; egia da halaber, super produkzio garesti horietatik aparte, tarteka iristen dela gugana produkzio estatubatuar independienteren bat: besteen aldean txikiago eta apalagoak, baina gidoi on batean oinarrituak, ideiaz eta sentimenduz ongi hornituak. Horietako bat da "Entre copas" (Sideways), larunbat gauean Joan Paulo II.a hil berria zela entzun nuenean ikustera joan nintzen filma.

Planteamendua xinplea da: berrogeita piko urtera iritsi diren bi gizon, lagun zaharrak direnak, astebete pasatzera doaz elkarrekin, haietako bat ezkontzekoa dela-eta despedida moduan. Bietako bat, Miles intelektual eta ardoetan aditua, zapuztuta eta frustratuta bizi da: emazteak utzi egin zuen duela pare bat urte eta oraindik ez du ahaztu, bere irakasle-lanak ez du asetzen, eta idazle sentitzen bada ere argitaletxeek ez diote bere obrarik onartzen. Bestea, Jack aktore ezkongaia, zokor-mazo hutsa eta andrezale itsua da, baina osterantzean jator samarra.

Horra ba, bikote heterogeneo bat abenturazko bidaian, zineman aurrekari ugari eta onak dituen eredua (narratiban oro har esan beharko, Kixoteren mendeurrenean gaudenez gero). Kaliforniako ardo-lurretan ibiliko dira biak, mahasti eta bodega artean, ardoak probatzen, miresten eta erosten. Horretara mugatzen da Miles koitaduaren plana; Jack guapoak, ordea, larrujotze bat behar du ezkondu aurretik, eta lagunari ere bilatu nahi dio txortaldi on bat, horrek depresiotik ateratzen lagunduko diolakoan.

Egundokoa izan gabe, film txukun eta polita Alexander Paynek idatzi eta zuzendutakoa, tarteka mikaztasun dexentekoa hartzen duen komedia, hainbat gai proposatzen dituena gogoetarako: gizonezkoen 40ko krisia, gizon-emakumeen izaera eta behar diferenteak sentimenduen aurrean eta abar. Kontu horiek denak aski jorratuak daude ordea, eta ez dut horietaz aritu nahi; beste zerbaitez jarduteko hizpidea ematen dit pelikulak, baina horrek (barkatu teknika publizitarioa) hurrengoan izan beharko du.

etiketak: zinema
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2005/04/04 16:44

Onartu beharra dago, bizpairu gag izugarri onak badituela filme hau eta aspertzeko zirrikiturik ez duela, baina hortik aparte , ene iritzi apalean, besterik ez. Zerbait arin baten bila joan ginen ikustera maitia eta biok estreinatu eta berehala, kriston propaganda izan zuelako hainbat mediotan, ( nahiz eta zinema independientearen labela ekarri, harritzekoa ¡¡¡), baina arin arinegia aurkitu genuen. Oso prebisiblea, eta filme estatubatuarrek hainbestetan erabilitzen dituzten topiko errepikatuez beteta. Hori bai, eztarria eta usaina ardoaz blaitzeko irrikitan atera ginen aretotik, taberna baterantz abiatu ginen arin eta zuzen.

Elena
Elena dio:
2005/04/07 16:30

Zine ondoko tabernan pelikula ikusi baino lehen kafea hartzen ari nintzela jakin nuen nik JP IIaren heriotza. Gutxienez ordu berean ikusi genuen beraz. Prebisiblea? Badaiteke. Topikoz betea? Seguru asko. Baina kotxe-bidaietako pelikulak gustatzen zaizkit. Eta betiko arrakasta sozialaz gain bizitza eta zoriona badagoela zelan erakusten duen gustatu zitzaidan. Bakoitzak zer bilatzen duen bizitza honetan, bere egoera nola bizi duen... nola kontatzen zen gustatu zitzaidan, pertsonai bakoitzari buruz horren beste informazio emateko beharrik gabe.

Gustora ikusi nuen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.