Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Idazlearen beldurrak

Idazlearen beldurrak

xme 2005/04/01 10:44

Beldurra gauza serioa da, gure herrian jende askok nozitzen duena, arrazoi askorengatik, eta ez nuke hartaz txantxarik egin nahi.

Hala ere, gaur beste beldur txikiago batez jardun behar dut. Idazleek aspalditik dute beldurra gai literariotzat hartzeko ohitura. Gonzalo Bertzeokoak Don Bildur izeneko pertsonaia sortu zuen, gero Atxagak berrartu zuena; XIX. mendean, berriz, bizirik lurperatutakoaren gaia behin eta berriro erabili zuten idazle erromantikoek, Allan Poe denen buru zela.

Idazlearen beraren beldurra beste bat da ordea. Ospea, dirua edo oihartzuna lortzea esperantza izan liteke, amets hutsa gehienetan, eta horiek gabe geratzea ez da berez beldurgarri. Ofizioari dagokion berezko beldurra norbere lanak guztiz galtzea da, eta hori aski beldur berria da, teknologia berriek sortu edo gutxienez areagotua.

Garai batean posible zen idazleak bere lanaren eskuizkribu bakarra edukitzea eta hori, inork kopiatu eta inprimatu aurretik, suak edo urak betiko suntsitzea. Posible ez ezik gertatu ere gertatuko zen inoiz edo behin. Jendea ordenagailuz idazten hasi zenetik, baina, biderkatu egin zen egindako lana galtzeko beldurra, baita egiazko galerak ere: halakori ordenagailua bat-batean itzali eta arratsalde horretan idatzitako guztia galdu zitzaiola; beste hari disko gogorra hondatu eta urteetako lana pikutara... Teknikariek beti emango zizuten errezeta: tarteka "save" sakatzea, segurtasun-kopiak egitea... hala ere, ezin beldurra guztiz uxatu.

Paranoiko samarrak ote garen pentsa dezake norbaitek. Ez zait iruditzen. Idazlan bat galtzea ez baita horretan emandako orduak alferrik izan direla sentitze hutsa; askoz gehiago da: zure sorkari izan den obra guztiz desagertzen bada, zure existentziaren zati handi bat lapurtu balizute bezala sentitzen zara, eta zure hitz, esaldi, argudio horiek non dauden galdetzen diozu gauari, isiltasunari, ezerezari...

Ordenagailuak hobetu egin dira, dudarik gabe, eta askoz gutxiago entzuten dira horrelako istorioak. Dena dela, beldur berriak ere sortzen dira. Adibidez, blogetan idazten duenak, bere lana hor gelditzen eta geldituko delako sentipena du, baina sentipena irudipen eta irudipena liluramen bihur litezke. Horra zer gertatu zaion Katixa Agirre idazle gasteiztarrari: bere blog bien ardura zeukan enpresa lorrindu egin da bat-batean, eta bertako lanak betiko linbo batean desagertu.

Eskerrak Katixa Agirre idazle kementsua den eta txoko berri bat sortu duen: katixe.blogspot.com

etiketak: Saski Naski
eneko
eneko dio:
2005/04/05 01:26

Pozten nau lanak galdu ez dituzula entzuteak.

Noizbehinka K.A.-ren blogetik bueltatxoa eman eta gustora irakurtzen ditut han lagatakoak. Zorionak!

eneko
eneko dio:
2005/04/01 21:17

Etorkizunari dagokionez, hobe zuhurra izan eta ez ezer ziurtzat eman, baina Googleren esku baino, Eibar.org-en kasuan bezala, idatziak kontrolatzen dugun zerbitzari batean seguruagoak daudela esango nuke.

Google enpresa sendoa da eta oker banengo hobe, baina zoritxarrez Katixari berdin gerta dakioke Bloggerren. Hau da, egunen batean Blogger pikutara joatea edo ixtea. Sailago ikusten dut Eibar.org-ekin hori gertatzea, azken finean elkarteak kontrolatzen du eta ordaintzen du eduki guztia.

Egunen batean, zerbitzaria ordaintzeko ez bada ailegatzen, aurretik jakingo dugu. Eta, edo denon artean dirua ipini, edo azkar-azkar eduki guztiak atera eta ondo gorde beste toki batean.

Patxik dioen helbidea http://www.archive.org dela uste dut. Interneteko gordailu digitala izan nahi duena. Baina ez du, ezin du, Internet osoa gorde. Zaila izango da Katixarenak han aurkitzea ... Dena den, lehen blogean erabiltzen zuen helbidea sartu eta froga egin daiteke, ea zerbait agertzen den.

K.a.
K.a. dio:
2005/04/04 16:31

Idazlea eta kementsua! Bi epiteto horiek bai ematen didatela beldurra niri, Xabier.

Word-ean neuzkan gordeta idazkiak, dena den, beraz ez da hain larria egoera (barkatu zure artikuluari dramatismoa murrizteagatik). Zuhurra banaiz, batzuetan. Baina idazlea, hori beste gauza bat da.

Patxi
Patxi dio:
2005/04/01 14:31

Baina ez al zegoen ba, orri zaharrak erreskatatzen zituen helbide bat hortik zehar? Bai ala? Sustatun ez al zan atera?

Nik nere etxea erreko balitz, lehenengo aterako nukeen gauza, argazkiak izango lirateke.

Bildur hori nik ere badaukat. Desordenatu izateak hori dauka. Maiatzean denboratxoa hartuko det, securiti-kopi bat egiteko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.