Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Isilak eta berritsuak

Isilak eta berritsuak

xme 2005/03/31 09:40

Elgoibarko astekaria da "Barren", herri prentsan egiten direnetan onentsuena, eta berriki Susana Mujikari egindako elkarrizketa irakurri dut bertan. Susana Mujika kazetari handia da; beste komunikabide-mota batean ere ez litzateke seguru asko gaizki moldatuko baina irratian egundokoa da, mikroa eta ahotsa bata bestearentzat eginak direla pentsarazten dizutenetakoa.

Ez nabil ez Barren ez Mujika aparrez eta abarrez igurzten ordea. Xehetasun txiki bat komentatu nahi nuen. Galdetzen diote Mujikari nor elkarrizketatuko lukeen gustura, eta berehala erantzuten du Susanak: "Mikel Laboa eta Xabier Lete".

Laboak eta Letek gauza asko dituzte elkarren pareko egiten dituztenak: inguru berean jaioak dira, denboran ez oso urrun; biak ere kanpoan ikasten ibilitakoak, 1960tik aurrera euskal kultura berpizten eta berritzen lan handia egindakoak, biak ere "Ez dok amairu" mugimenduko kideak, euskal kantari ezagunak, nortasun bereziko ahotsen jabeak, gu denon oroimenean dauden abesti hilezkorren egileak.

Pixka bat ezagutuz gero, ordea, antagonikoak dira. Izaera kontuetan gehiegi sakondu gabe, Susana Mujikari gehien axola zaion arloari dagokionez, Xabier Lete dela, esango nuke, euskaraz ezagutzen dudan komunikatzailerik onena: hiztun oparoa, ideien kateatzaile bikaina, ahots sendo eta esateko modu zoragarria duena... Leteren kantaldi batean (aspaldian halakorik ikusteko zorterik ez) gozamen hutsa izaten da kantu bakoitzari egiten dion sarreratxoa ere.

Laboa, berriz, guztiz kontrakoa. Esan nahi baita, hiztun txarra, txarrik bada. Hau ez da kritika bat, konstatazio hutsa baizik, eta Mikelek ondo asko daki zein diren bere dohainak eta bere mugak. Norbait harengana baldin badoa bere kantuek isurtzen duten sentiberatasunaren pareko argitasuna aurkituko duelakoan, zapuztuta geratuko da, gizon horrek aura hori nondik nora daukan galdezka. Eta hala ere, magikoa da Laboak bere abestiei ematen dien ukitua...

Susana Mujikarentzako erronka...

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.